Ekonomia -
Enplegu publikoa
Interinok Taldeak Eusko Jaurlaritzaren kontsolidazio prozesuak salatu ditu EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean
Sindikatuaren hitzetan, egonkortze prozesuek ez dute EBko legedia "betetzen", eta Europako Justizia Auzitegiaren doktrina "urratzen" dute. Gainera, "guztiak balio duen ezkutuko lan-erregulazioa" bilakatu dira, erantsi duenez.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoaren kontsolidazio prozesuak aurrera eramateko prestatu duen araudia salatu du Interinok Taldeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) aurrean.
Interinok Taldeak ostegun honetan jakitera eman duenez, 2022ko lan eskaintza deialdia salatu du EAEANko administrazio-auzietarako aretoaren aurrean, iragan maiatzean deitutako deialdien oinarri orokorrak zein espezifikoak, hain zuzen ere.
Sindikatuak ziurtatu duenez, "Eusko Jaurlaritzak egonkortze prozesuetan aurrera egin ahala", Interinok Taldea "dagozkion helegiteak aurkezten joango da Justizia auzitegien aurrean".
Bitarteko langileen sindikatuaren hitzetan, egonkortze prozesuek ez dute EBko legedia "betetzen", eta Europako Justizia Auzitegiaren doktrina "urratzen" dute. Gainera, "guztiak balio duen ezkutuko lan-erregulazioa" bilakatu dira, erantsi duenez.
Prozesuen "gardentasun falta" salatu du, eta "irekiak" izatea kritikatu du, "Europako Justizia Auzitegiaren doktrinak behin-behinekotasun egoeran dauden beharginentzako mugatuak egon behar direla esaten duenean".
Interinok Taldearen esanetan, Eusko Jaurlaritza "behin-behinekotasunean dauden lanpostu guztiak ez da eskaintzen ari", "hutsik daudenak bakarrik" baizik. Beraz, "1.300 lanpostu baino gehiago egonkortze prozesutik at utzi dituzte", ondorioztatu du.