Ekonomia -
Fiskalen Kongresua
Patxi Lopezek herritar 'ahulenak' babesteko eskatu die fiskalei
Lehendakariak "boteretsuenei mugak jarri eta ardurak exijitzeko" eskatu du Fiskalen Batasun Aurrerakoiaren XXVII. Kongresuan eta horretarako legea aldatzearen alde agertu da.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak gizarteko pertsona eta talde "ahulenak" defendatzeko eskatu die fiskalei, eta halaber, "boteretsuenei mugak jarri eta ardurak eskatzeko" dei egin die.
Fiskalen Batasun Aurrerakoiaren XXVII. Kongresua inauguratu du lehendakariak Bilbon. "Batzuetan haserretzen gaituzten gauzak" gertatzen direla esan du Lopezek, "familia xumeen utzarazpenak, esaterako, hainbat zuzendari boteretsu erakundeei eta milaka pertsonei sekulako kaltea eragin eta euren kontrako inolako ardurarik gabe milioikako kalte ordaina jasota joaten diren bitartean", adierazi du.
Lehendakariaren ustez, "enpresa arriskuaren eta harrapaketaren aitzakian babesa topatu duen delinkuentzia mota horri aurre egiteko" legea aldatu beharko litzateke eta ohartarazi du, "batzuen zigorgabetasuna amaitu ahal izateko borondatea behar" dela, izan ere, "gauza batzuen aurrean ezin da neutrala izan", erantsi du.
Hori dela eta, fiskalek "herritarren berdintasunaren abangoardia" izan behar dutela azpimarratu du eta erabakiak hartzeko garaian "presioengatik edota pertsonen eta taldeen iritziengatik" ezin direla beldurtu azpimarratu du.