Ekonomia -

MidCat proiektua

Riberak ziurtatu du zortzi hilabeteren buruan egon daitekeela martxan gasa Europara eramateko gasbide berria

Trantsizio Ekologikoko ministroak onartu du MidCat eraikitzeko "inbertsio oso handia" egin beharko dela, eta defendatu du beharrezkoa dela azpiegitura hori 30 eta 50 urte arteko bizitzarako planteatzea.

Teresa Ribera, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Teresa Ribera, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Teresa Ribera, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak ostiral honetan ziurtatu duenez, Frantziako interkonexioetan konpresore gehigarri bat instalatzeak % 20 eta % 30 artean igo dezake Espainiako gasa esportatzeko ahalmena.

Riberak TVEn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, neurri hori, metano-ontzien logistika hobearekin batera, "Putinen xantaiaren" aurrean Europa gasez hornitzen laguntzeko epe laburreko konponbideak izan daitezke.

Horretarako, ministroak espero du Gijongo portua hobeto aprobetxatzea abendutik aurrera metano-ontziak bidaltzeko.

Presidenteordeak pozik hartu ditu Olaf Scholz Alemaniako kantzilerraren hitzak; izan ere, Portugalek eta Espainiak Europako gainerako herrialdeak hornitzeko gasbidea eskatu zuen.

Riberaren ustez, hitz horiek erakusten dute Espainiaren gas konexioa ez dela Frantziarekiko aldebiko auzia, baizik eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuk inplikatzen dituen zerbait. Izan ere, Alemania gonbidatu du une honetan inguruko herrialdearekin egiten ari diren goi mailako bileretan parte hartzera.

Trantsizio Ekologikoko ministroak onartu du MidCat eraikitzeko "inbertsio oso handia" egin beharko dela, eta defendatu du beharrezkoa dela azpiegitura hori 30 eta 50 urte arteko bizitzarako planteatzea, eta, ondoren, gasak bere hodietan hidrogeno berriztagarriari lekua uztea.

Riberak ziurtatu du gasbidearen Espainiako zatian lanak zortzi edo bederatzi hilabetetan amaituta egon daitezkeela, baina azken epeak ere Frantziak mugaren zatian egiten duenaren araberakoak direla.

"Zentzu gutxi du guk korrika asko egiteak, baldin eta frantziar aldetik irteerabako kalezulo bihurtzen bada", azpimarratu du. Halaber, Europa osoko horniduraren segurtasuna hobetuko duen proiektua denez, Gobernuak uste du Europako proiektu gisa finantzatu beharko litzatekeela.

Ministroak Europa mailan energia-neurriak hartzeko aukerak nabarmendu ditu, eta Espainia krisi energetikoaren esparruan bere bazkideekin lankidetzan aritzeko prest dagoela nabarmendu du.

Frantzia "botila lepo" izan litekeela ohartarazi du Tapiak

MidCat proiektuari buruz galdetuta, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak esan du "inbertsio garrantzitsuak" egin behar direla, eta hori gorabehera, gasbideak Frantzia zeharkatu behar duela. "Frantziak bere gasbideak nahikoa mugatuta ditu jada", ohartarazi du. 

"Nik uste dut Enagasek eta ministroak (Teresa Ribera Trantsizio Ekologikokoa) ez dutela gaizki ikusi, baina iruditzen zait ondo aztertu behar dela Frantzian sor daitezkeen botila lepoak", azaldu du. 

Iberiar penintsula Europako erdialdearekin lotuko lukeen gas-hodi berria eraikitzea proposatu du Alemaniak
Iberiar penintsula Europako erdialdearekin lotuko lukeen gas-hodi berria eraikitzea proposatu du Alemaniak
Iberiar penintsula Europako erdialdearekin lotuko lukeen gas-hodi berria eraikitzea proposatu du Alemaniak

1:19

MidCat proiektua

Duela urte batzuk MidCat egitasmoa baztertu zuten, Errusiako gas naturala inportatzea onuragarriagoa zela iritzita. Hostalric (Katalunia) eta Frantziako hegoaldearen artean 220 kilometro inguru eraiki barik geratu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Europa Espainiako Gobernua argazkiak Espainia albisteak Frantzia argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Portugal