Ekonomia -
Industria
Arcelormittal Sestaok ez dio jarduerari berriro ekingo udako geldialdiaren ondoren
"Merkatuaren baldintzak txarrak direla eta, ez da errentagarria ekoizpenari berriz ekitea", azaldu dute enpresako iturriek. Altzairutegiak 278 langile ditu, eta hainbat hilabetez geldirik egon zen abenduaren 7tik joan den martxora arte.
Agentziak | EITB Media
Udako oporren ostean, Sestaoko ArcelorMittalen (ACB) lantegiak ez dio berriro lanari ekin, eta geldirik jarraituko du, oraingoz, merkatuaren baldintza txarrengatik, enpresako zuzendaritzako iturriek jakitera eman dutenez.
Altzairua ekoizteko energia elektrikoa erabiltzen duen altzairutegiak 278 langile ditu. Udako oporrengatik gelditu zen, eta aste honetan hasi behar zituen irailean lantegia martxan jartzeko atariko lanak.
Hala ere, "merkatuko baldintza txarrak direla eta, ez da errentagarria une honetan ekoizpenari berriz ekitea", azaldu dute enpresako iturriek.
Altzairuaren eskariak behera egin du merkatuan, krisialdi ekonomikoa eta Europar Batasunetik kanpoko altzairuaren inportazioak direla eta. Horri gehitu behar zaio argindarraren prezioaren kostu handia, energia elektrikoarekin funtzionatzen duen lantegi batean.
Azken urtean Sestaoko ACBk aldi baterako lan-erregulazioa aplikatu behar izan du, eta hainbat hilabetez geldirik egon da, abenduaren 7tik joan den martxora arte, zehazki.