Ekonomia -
Espainiar Estatua
Espainiako Gobernuak etxeko langileentzako langabezia subsidioa onartuko du gaur
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak baieztatu du astelehenean; esan duenez, "amaiera emango zaio" erabat onartezina zen "bidegabekeria bati". Halaber, berretsi du konpromisoa duela Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko, eta bermatu du pentsioen balioa KPIaren arabera handituko dela.
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak etxeko langileentzako langabezia subsidioa onartuko du gaur, irailaren 6an. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak baieztatu egin du hori urte politikoaren hasiera ekitaldian, astelehenean, eta, esan duenez, "amaiera emango zaio", horrela, erabat onartezina zen "bidegabekeria bati". Halaber, Sanchezek azaldu du Espainiako Gobernuak Nazioarteko Lan Erakundeak egindako eskaera bat gauzatuko duela. Ekitaldi horretan bertan, Sanchezek berretsi egin du konpromisoa duela Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko, eta bermatu du pentsioen balioa Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera handituko dela, Legeak ezarrita duenez.
Espainiako Gobernuak "langile horien lan eskubideak eta lan duintasuna" onartuko ditu, eta "gauzatu eta bere egingo du" Nazioarteko Lan Erakundearen eskaera. Ekainean, erakunde horren 189. hitzarmena berretsi zuten, aho batez; langile horiei langabezia onartzera behartzen du hitzarmen horrek.
Testuinguru horretan, Yolanda Diaz Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak aurreko astean adierazi zuen honek "aurrerapausoa" ekarriko diola Espainiari, herrialdea "abangoardian" kokatzeko. Halaber, nabarmendu du "oso garrantzitsua dela", feminismoaren ikuspuntutik.
Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoera, eta pentsioak
Horrez gain, Pedro Sanchezek berretsi du konpromisoa duela Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko, eta asmoa dela legealdia amaitu aurretik hori batez besteko soldataren % 60an kokatzea; bermatu ere bermatu du pentsioen balioa Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera handituko dela, Legeak ezarrita duenez.
Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoera eztabaida publikoan dagoen honetan, Sanchezek nabarmendu du konpromisoa duela: "Aberastasuna birbanatzeko neurri nagusietakoa da, bai eta desparekotasunaren aurka borrokatzekoa ere. Testuingurua zaila da, inflazioa eta ziurgabetasuna nagusi baitira, baina Espainiako Gobernuaren konpromisoa da Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzea, eta hala nabarmenduko dut", esan du.
Gogora ekarri duenez, "Legeak bermatu egiten du" pentsioak KPIaren arabera igotzea. Gehitu du soldata duintasunaren eta lan duintasunaren alde egiteak "pentsioen itsulapikoa betetzen" laguntzen duela, "eta, ondorioz, gainera, Gizarte Segurantza defizita murrizten ari da".