Ekonomia -
ENERGIA KRISIA
Europako Batzordea ez da MidCat gasbidearen inguruan posizionatu eta datu gehiago eskatu ditu
Teresa Ribera ministroak aurreratu du seguruenik eztabaidagaia jorratuko dutela EBko Energia ministroen kontseiluan ostiralean. Ekintza Klimatikorako eta Energiarako Europako Batzordearen bozeramaileak adierazi du Batzordeak ezin duela jarrera bat hartu MidCat proiektuaren inguruan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordea ez da MidCat gasbidearen inguruan posizionatu eta datu gehiago eskatu ditu, bere bideragarritasuna ebaluatzeko.
Tim McPhie Ekintza Klimatikorako eta Energiarako Europako Batzordearen bozeramaileak adierazi duenez, MidCat ez da Bruselako Interes Komuneko Proiektuen zerrendan sartzen. "Iberiar Penintsula Europar Batasuneko herrialdeekin lotzen duten proiektuek azterketa gehiago behar dituzte, eta horregatik, Batzordeak ezin du jarrera argi bat hartu", gaineratu du bozeramaileak.
Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak eta Trantsizio Ekologikorako ministroak, bere aldetik, astearte honetan adierazi du Espainiaren eta Frantziaren arteko gas interkonexioak ez direla aldebiko gaia.
Halaber, aurreratu du seguruenik eztabaidagaia jorratuko dutela EBko Energia ministroen kontseiluan ostiralean.
Astelehen honetan Emmanuel Macron Frantziako presidenteak defendatu zuen ez dela gas interkonexio berririk behar Espainiarekin, unekoak, hau da, Hego Euskal Herrikoak, saturatzetik oso urrun daudelako.
Horren aurrean, ministroak salatu du ezin dela gaia alde batera utzi "herrialde bakarraren iritziarekin", arazo energetikoa "luzatuko" delako eta alde luzerako neurriak hartzea "beharrezkoa" izango delako.