Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Diazi "eztabaida faltsua" sortzea egotzi dio Chivitek, eta elikadura katearen legea ezartzea babestu du

Nafarroako Gobernuaren presidentearen iritzian, ekoizleei "prezio egokia bermatu behar zaie". Era berean, jakinarazi du foru gobernua murrizketa fiskal "justu" bat lantzen ari dela errenta baxu eta ertainei laguntzeko "negu konplikatu honetan".

Chivite, Xabier Garcia Ramsden ondoan duela, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Chivite, Xabier Garcia Ramsden ondoan duela, elkarrizketaren une batean.
Chivite, Xabier Garcia Ramsden ondoan duela, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearen arabera, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak "eztabaida faltsua" sortu du erosketa saskia merkatzearen harira, eta elikadura katearen legea aplikatzea eskatu du, hori baita, horren hitzetan, "ekoizleei prezio egokia bermatuko" diena.

Nafarroako Jauregian Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, ekonomia gaiez luze eta zabal mintzatu da buruzagi sozialista. Aitortu duenez, KPIa "altu" dago, eta energiaren salneurria, egoera bertsuan. Azpimarratu duenez, "ez da PPk iragartzen duen hondamendi hori gertatuko", baina hori gorabehera, berretsi du Nafarroako Gobernuak "erne" jarraituko duela, herritarrei "laguntzen".

Horren ildotik, iragarri du exekutiboa "proposamen tekniko" bat ari dela lantzen "errenta ertain eta baxuen egoera arintzeko". Argudiatu duenez, herritar horiek, "zergadunen gehiengoa ere badirenak, izango dira negu gogor honetan gaizkien igaroko dutenak". Zehaztu du murrizketa fiskala dutela buruan, eta ez pertsona fisikoen gaineko zerga (PFEZ) deflaktatzea. "Neurriak justua izan behar du", gaineratu du.

Gai politikoak hizpide, koalizio gobernuaren bazkideen (Geroa Bai eta Podemos Ahal Dugu) arteko harremana "ona" dela nabarmendu du, "desadostasunak" aitortu dituen arren, "gutxi" badira ere. Horien artean, euskararen dekretuaren barruan, eremu ez-euskaldunean "akordiorik ez" dagoela onartu du, baina "euskararentzat inoiz baino baliabide gehiago" daudela azpimarratu du. Foru hauteskundeen ostean, sozialistek gidatutako balizko gobernu batean EH Bilduk lekua izango ote lukeen galdetuta, argi mintzatu da Chivite: "Erabat baztertzen dugu. Gauza bat da unean uneko akordioak lortzea, eta bestea, EH Bilduk gobernu politikak zehaztea". 

Azkenik, Nafarroako Gobernuak bozeramailea aldatu duela eta (Elma Saiz Ekonomia kontseilaria jarri du Remirezen ordez), lehen presidenteordearekin izandako desadostasun edo konfiantza faltagatik izan denik baztertu du. "Azaldu nuen: testuinguru ekonomikoa nagusi den honetan, egokia iruditzen zitzaigun Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izatea eledun, herritarrei lasaitasuna emateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Nafarroa Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako udal eta foru hauteskundeak