Ekonomia -
ENERGIA KRISIA
Espainiako Gobernuak energiaren gaineko zerga Europako tasara egokituko du
Hala ziurtatu du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak esandakoari erantzunez, eta gaineratu du Espainiako Gobernuaren asmoa zerga Bruselaren ezaugarrietara egokitzea izan dela hasieratik.
EITB MEDIA
Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ostegun honetan esan duenez, Espainiako Gobernuak Europar Batasunean ezartzen den tasara egokituko du enpresa energetikoen gaineko ezohiko zerga.
Antena 3 telebista katean egindako elkarrizketa batean ziurtatu du sekula ez dela Espainiaren eta Europaren artean inolako eztabaidarik izan gai horren gainean; are gehiago, aipatu du Espainia izan dela ekimen hori eraman duena, eta asmoa Europako zergara egokitzea izan zela hasieratik, behin hura definituta.
Horrela erantzun dio Ogasun ministroak Alberto Nuñez Feijooren hitzei; izan ere, PPko buruzagia konpainia energetikoei ezarriko zaien zerga berria babesteko prest agertu da, baldin eta Europaren proposamenarekin bat egiten badu. Espainiakoak diru sarrerak zergapetzen ditu, eta Europakoak, berriz, aparteko mozkinak.
"Feijoo jauna, zerga hori nola aurkeztu behar genuen jakin aurretik, ekimenaren kontra azaldu zen", esan du, eta orain, "alderdikideek aparteko irabazien gaineko zerga (energetikoena) onesten dutenean, jarrera aldatzea baino ez du".
Gainera, Monterok ziurtatu du Gobernua araudia aldatzeko lanean ari dela, komunitate-galdarek gasaren "faktura merkatzea ahalbidetzen duten neurrien onura jaso dezaten". Neurri hori kontingentzia-plana aurkezten denean ezagutuko da, baina ez du zehaztu BEZa % 5era jaistea ekarriko duen, erabiltzaile indibidualen kasuan bezala.
Calviño: "Europako Batzordearen proposamenak ezustean harrapatu du PP"
Bestalde, Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteorde lehen eta Gai Ekonomikoetarako eta Transformazio Digitalerako ministroak gogor kritikatu du PPk argindar konpainiei eta banketxeei ezarri nahi zaien zerga bereziaren kontra bozkatu izana Kongresuan.
"Gerrari erantzuteko neurrien harira duen jarrera ez da bateragarria PPk zuzentzen dituen beste gobernu europarrek dutenarekin, ezta Europako Batzordearekin edota Europako Alderdi Popularrarekin ere", deitoratu du. Ildo beretik, uste du Europako Batzordeak egindako proposamenak —energia enpresei % 33ko zerga— "ezustean" harrapatu duela PP. "Oso bakarrik ari dira geratzen", erantsi du.