Ekonomia -
Krisia Espainian
Urkulluk uste du Espainia 'erreskaterako bidean' dagoela
Espainia erreskatatu beharra badago, "lehenbailehen" egiteko dei egin du EAJko presidenteak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak adierazi du Espainiako Gobernuak ez duela "egia" esaten Estatuko altxortegiaren inguruan, eta Espainia erreskatatu beharra badago, "lehenbailehen" egiteko dei egin du.
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Urkulluk esan du Estatua "erreskaterako bidean" dagoela.
Horren ustez, "argi" dago Mariano Rajoyren Gobernuak ez duela "egia" esaten Estatuaren egoera ekonomikoaren inguruan, eta Exekutiboak "bat-bateko erabakiak" hartzen dituela "astero".
"Orain esan dute ez zutela ezagutzen Estatuko kontuen egoera, baina azken legegintzaldian PPk hainbat erkidegotan gobernatzen zuen, eta, beraz, ezagutu egiten zuen egoera", iritzi dio.
Buruzagi jeltzaleak gogorarazi du PPk gobernatzen duen erkidegoen defizita "esandakoa baino askoz larriagoa" izan dela. Horrenbestez, alderdi horrekin ez dela "fio" nabarmendu du.
Urkullu "kezkatuta" agertu da finantza sistema erreformatzeko neurriekin, Kutxabanken eta EAEko gainerako erakundeetan izan ditzaketen eragina dela eta.
Horren ildotik, "Bankiako auziaren ostean", Espainiako beste hainbat finantza erakundek ere antzeko konponbidea behar izango dutela uste du Urkulluk. "Berriz ere milaka milioi euroko murrizketak egin behar izango dituzte", ohartarazi du.