Ekonomia -
lan gatazka
Arcelor Mittalek, UGTk, CCOOk eta USOk lan erregulazioa adostu dute, urteko soldata gordinaren % 90 bermatuta
Bestalde, ELAk uko egin dio beste behin aldi baterako lan erregulazioari, enpresak mekanismo hori "egituraz" erabiltzen duelako "kostuak aurrezteko, altxor publikoaren kontura".
agentziak | eitb media
Arcelor Mittalek eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek 2022ko abenduaren 31ra arteko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ERTE) aplikatzea adostu dute ostiral gauean Etxebarrin, urteko soldata gordinaren % 90 bermatzeko.
UGT FICA sindikatuak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, akordio horren arabera, langileei aldi baterako lan-erregulazioa aplikatuko zaie, ekoizpenaren beherakadaren arabera: Asturiasen, gehieneko aplikazioaren % 25; Sagunton, % 40; Etxebarrin, % 20; Lesakan, % 60; eta Largosen (Olaberria-Bergara), % 20.
Espediente hau ez da aplikatuko ekoizpen-gaitasunak % 100ean dituen instalazio batean ere; zeharkako zerbitzuetako langileentzat, berriz, dagokien lantegiaren ehunekoa izango da, gehienez ere, aplikazioa.
Baldintzei dagokienez, enpresak eta sindikatuek hitzartu dute soldata-ehunekoa urteko soldata gordinaren % 90 izatea, eta % 100 aparteko ordainsarietarako eta oporretarako. Akordioak prestakuntza ere jasotzen du, Langileen Estatutuak adierazten duenaren arabera, bai eta horren jarraipena egiteko batzorde bat ere; bai tokian-tokian, bai estatuan.
Egungo ziurgabetasunaren aurrean, Arcelor Mittalek, lehenik eta behin, Espainian dituen lantegietarako aldi baterako lan-erregulazioa planteatu zien sindikatuei, Condesa izan ezik, 2023ko abendura arteko indarraldiarekin eta 8300 langileri eragingo ziena.
ELAren erantzuna
Bestalde, ELAk uko egin dio beste behin aldi baterako lan erregulazioari, enpresak mekanismo hori "egituraz" erabiltzen duelako "kostuak aurrezteko, altxor publikoaren kontura".
Ohar batean, ELAk gogorarazi du Arcelor Mittalek 2009tik "ia etenik gabe" aplikatzen duela aldi baterako lan-erregulazioa, nahiz eta iaz multinazionalak 13.000 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan zituen.
Sindikatu abertzaleak euskal lantegien etorkizuna bermatuko duten inbertsioak eta industria-planak egiteko eskatu dio enpresari, eta, horrez gain, plantilla gaztetzeari, errelebo-kontratua modu "egokian" aplikatzeari eta "aberastasunaren banaketari" heltzeko eskatu die.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die "askoz posizio aktiboagoa" izan dezatela "urtero langile gutxiago dituen bitartean etekinak pilatzen dituen enpresa baten aurrean".