Ekonomia -
ELKARRIZKETA ETB-N
Tapiak Statkraften proiektua aurrera ateratzea espero du, "benetan beharrezkoa delako"
Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak onartu du horrelako proiektuekin "beti sortzen dela kezka. Hori dela eta, urriaren 11rako Azpeitiko Udalak deitu duen herritarren batzarrean behar diren azalpenak ematea nahi du.
a. s. | eitb media
Statkraftek mahai gainean jarritako proposamenaren ildotik, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, azpimarratu du Statkraft enpresa norvegiarrak Gipuzkoako Azpeitia, Zestoa eta Errezil udalerrietan planteatu duen parke eolikoen proiektua aurrera ateratzea espero duela, "benetan beharrezkoa delako".
Tapiak onartu du horrelako proiektuekin "beti sortzen dela kezka edo kontrako jarrera bat ezezagunaren aurrean". Ildo horretan, sailburuak adierazi du espero duela konpainiako arduradunek proiektua zein den "ondo aurkeztea urriaren 11rako Azpeitiko Udalak deitu duen herritarren batzarrean".
Gaineratu duenez, "horrelako proiektu batean herritarren iritzia jakitea ondo" dago, "baina denon onura guztiaren gainetik jarri beharko genuke, edo gutxienez, parean", azaldu du.
"Proiektuak energia sortzea du helburu, eta tokiko enpresek, herritarrek eta administrazioek, etekina ateratzea. Uste dut horrek izan behar duela bidea, bere garaian, Arabako Ekian parke fotovoltaikoa martxan jarri genuenean egin genuen bezala. Horrek izan behar du filosofia, eta proiektua aurrera ateratzea espero dut, benetan beharrezkoa delako", ziurtatu du.
Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaitzaren harira, esan du EAJ ahalik eta aukerarik onena bilatzen ari dela lurralde guztietan: "Seguru nago Gipuzkoan ere horrela izango dela".