Ekonomia -
PREBISIOAK
2023rako hazkunde aurreikuspena % 1,4ra jaitsi du Espainiako Bankuak
Pandemia aurreko maila 2024an berreskuratuo dela aurreikusi du Espainiako Bankuak. Aurtengo urtearen itxierarako, berriz, lau hamarren (% 4,1etik %4,5era) igo du hazkunde aurreikuspena, batez ere, lehen sehilekoan enpleguak izandako bilakaera onaren ondorioz.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Jarduera ekonomikoa okerrera egiten ari dela berretsi dute, gaur, Espainiako Bankuak zabaldutako datuek: 2023rako hazkunde aurreikuspena % 1,4ra jaitsi du, eta inflazioaren tasa % 5,6ra igo —ekainean aurreikusitakoa baino 3 puntu gehiago—, batik bat, energiaren prezioaren gorakadak eraginda.
Datorren urterako Barne Produktu Gordina uste baino gutxiago haztearen arrazoien artean, ondorengoak nabarmendu ditu Banku Zentralak, gaur zabaldutako txostenean: inflazio altua, finantzazio baldintzen okertzea, ziurgabetasuna areagotzea eta oro har eskariak behera egitea. Pandemia aurreko maila 2024an berreskuratuko dela aurreikusi du erakunde horrek, ekainean iragarritakoa baino sei hilabete beranduago.
Bien bitartean, aurtengo urtearen itxierarako lau hamarren (% 4,1etik % 4,5era) igo du hazkunde aurreikuspena, batez ere, lehen sehilekoan enpleguak izandako bilakaera onaren ondorioz. Hazkunde apal horren atzean Ukrainako gerra lehertu ondotik "zerbitzu turistikoek utzitako datu onak" leudeke, egindako proiekzio makroekonomikoen arabera.
Inflazio tasari dagokionez, berriz, ekainean egindako aurreikuspenaren gainetik kokatu ditu Banku Zentralak datozen bi urteotako tasak: % 8,7, 2022an; % 5,6, 2023an; eta % 1,9, 2024an. Bilakaera horren eragileen artean ere, prezioen gorakada eta euroaren balio-galtzea egongo lirateke.
Dena dela, txostenaren egileek aitortu dutenez, ziurgabetasun egoera betean eginda daude aurreikuspenak, eta agertokia oso aldakorra izanda, gaur plazaratutako datuok gorabehera asko izan ditzakete.