Ekonomia -

KRISI EKONOMIKOA

Alemaniako ekonomia atzeraldian sartuko da 2023an, eta BPGa % 0,4 jaitsiko da

Ekonomia ministroak egindako aurreikuspenaren arabera, ekonomia % 1,4 haziko da 2022an, hasiera batean aurreikusitakoa baino zortzi hamarren gutxiago.

Berlin, Alemania (artxiboko argazkia). EFE
Berlin, Alemania (artxiboko argazkia)
2023an Alemaniako ekonomia % 0,4 uzkurtuko dela aurreikusi du Robert Habeck kantzilerordeak

02:26

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren urtean Alemaniako ekonomia atzeraldian sartuko dela iragarri du gaur Robert Habeck Alemaniako Ekonomia ministroak. Zehazki, % 0,4 jaitsiko da Barne Produktu Gordina (BPG) 2023an.

Alemaniako Gobernuak beherantz berrikusi ditu udaberrian egin zituen ekonomia aurreikuspenak. Orduan, 2022ko ekonomia % 2,2 haziko zela aurreikusi zuen, eta 2023koa, aldiz, % 2,5.

Ukrainako gerraren testuinguruan, Alemaniak uko egin dio Errusiako gasari, eta gogotik ordaintzen ari da. 

"Garai zailak dira, eta udazkeneko proiekzioek hori berresten dute. Energia krisia bizi dugu, gero eta gehiago krisi ekonomiko eta sozial bihurtzen ari dena", aitortu du Ekonomia ministroak. 

"Krisi horren eragilea Putin izan da, Ukrainari eraso eginda. Erantzuna irmoa baino ezin da izan. Europar Batasunak (EB) eta nazioarteko bazkideek zigor argiekin erantzun dute, eta hori da oraindik erantzun egokia eta ezinbestekoa", gaineratu du.

Bestalde, Alemania Errusiaren menpekotasunetik askatzeko lanean ari dela adierazi du, baina bien bitartean "estatuaren finantza indar osoa" beharrezkoa dela ekonomia eta lanpostuak mantentzeko.

Alemaniak 200.000 milioi euroko neurri sorta onartu du energiaren garestitzeari aurre egiten laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Europako herrialdei buruzko albisteak Alemania argazkiak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak