Ekonomia -
KRISI EKONOMIKOA
BBVAk EAEren hazkunde aurreikuspenak jaitsi ditu, eta 2023an % 0,3 haziko dela aurreikusi du
BBVA Research txostenaren arabera, EAEko Barne Produktu Gordina % 3,5 haziko da aurten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,3 haziko da datorren urtean, eta % 3,5, ostera, aurten, BBVA Research txostenaren arabera. Gauzak horrela, 2023rako aurreikuspenak murriztu ditu, abuztuan % 1,1eko hazkundea iragarri baitzuen; aitzitik, 2023rako prebisioak mantendu ditu. Enpleguari dagokionez, aurten enplegua % 2,5 handitzea, eta heldu den urtean ez haztea espero du.
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak BBVArenak baino hobeak dira. Horren arabera, EAEko ekonomia % 4,3 haziko da aurten, eta % 2,1, berriz, hurrengo urtean.
Ohar batean, BBVAk jakinarazi duenez, Espainiako hazkunde aurreikuspena hiru hamarren hobetu du aurtengorako, eta, beraz, Espainiako Barne Produktu Gordina % 4,4 haziko da. Aldiz, 2023rako aurreikuspena % 1,8tik % 1era jaitsi du. Beherakadaren arrazoi nagusi gisa aipatu ditu turismoaren geldialdia, konfiantzaren beherakada eta Next Generation funtsen kudeaketan izaten ari diren atzerapenak.
Bestalde, 2022rako prebisioa hobea da BBVA Researchen arabera, turismoaren dinamismoa duela hiru hilabete espero zena baino handiagoa delako.
BBVAk aurreratu du, aurrera begira, hirugarren hiruhilekoan geldialdiak eta jardueraren desazelerazioak jarraipena izango dutela. Horren esanetan, txartelaren bidez egindako gastuetan nabari da hori, uztailetik irailera nabarmen murriztu baitzen.
BBVA Researcheko adituek uste dute ekonomia "ia geldirik" egon daitekeela "erosahalmenaren galeraren ondorioz".