Ekonomia -

Mobilizazioak

Milaka pertsona kalera atera dira Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, eragin mugatuko greba batean

Soldaten grebak jarraipen mugatua izan du, baina luzatu egin daiteke, batez ere petrolio eta energia sektoreetan, baita garraio publikoarenean ere.

Manifestazioa Baionan (Lapurdi). Irudia: LAB
Manifestazioa Baionan (Lapurdi). Irudia: LAB
Manifestazioa Baionan (Lapurdi). Irudia: LAB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona atera dira Frantziako hainbat hiritako eta Ipar Euskal Herriko kaleetara mobilizazio egunean, eta sindikatuek azken hilabeteetako inflazioaren igoera orekatuko duten soldata hobekuntzak eskatu dituzte, Emmanuel Macronen Gobernuari beste pultsu bat eginda. Grebak eragin mugatua izan du, baina luzatu egin daiteke, batez ere petrolio eta energia sektoreetan, baita garraio publikoan ere.

LAB sindikatuak ohar batean jakitera eman duenez, 2.000 pertsona baino gehiago atera dira Baionako kaleetara, eta greba eskubidea defendatu dute, "langileriaren borroka tresna gisa".

Lau sindikatuk, tartean CGTk, sektore guztietako profesionalak, publikoak zein pribatuak, protesta egitera deitu dituzte, Frantziako Gobernuari epe labur eta ertainerako neurriak har ditzala eskatzeko, irailean inflazioa % 5,6koa izan baitzen.

Movilización en París. Foto: EFE

Protestak bata bestearen atzetik izan dira hiri nagusietan, baina ez dute eragin handirik izan funtsezkotzat jotzen diren sektoreetan.

Hiriburuan, martxak milaka pertsona bildu ditu, eta tentsio une batzuk izan dira, Poliziaren kargekin, jaurtigaiak botatzen zituzten taldeen aurrean, Le Figaroren arabera.

Philippe Martinez CGTko buruzagiak Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Gobernuari "larrialdi soziala kontuan hartzeko" eta lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu die.

Martxa horiei babesa eman dietenen artean Jean-Luc Melenchon Frantziako ezkerreko buruzagia dago, eta Marine Le Pen ultraeskuindarrak mobilizazioak erabili ditu Gobernuaren kudeaketa ekonomikoa zalantzan jartzeko.

Foto: EFE

Mobilizazioaren aurretik findegietan grebak egin dituzte, eta horrek arazoak eragin ditu gasolindegietan. Elisabeth Borne lehen ministroak Asanblea Nazionalean baieztatu duenez, gasolindegien "% 25 baino gutxiago" hornidurarik gabe daude, astelehenean agintariek datua % 28,1ean kokatu ostean, Franceinfok jakitera eman duenez.

Greba egun honetako alderdirik nabarmenetako bat, ohikoa denez, garraio publikoa izan da, non zerbitzu arazoak izan diren, baina inola ere ez orokorrak.

Trenbideetan, inpaktu handiena eskualdeko trenetan gertatu da, erdiak bakarrik eskaini dute zerbitzua, baita Pariseko aldiriko trenetan (linea batzuetan ohiko zerbitzuen laurdena bertan behera geratu da) edo hiriburuko autobusetan ere, herena kendu baitituzte. Metroan, ia erabateko normaltasuna izan da nagusi.

Hezkuntza Ministerioak eguerdian jakinarazi du irakasleen % 6 baino zertxobait gehiago greban zeudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Grebak Paris Frantzia Baiona Maule Donibane Garazi Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Emmanuel Macron Lan gatazkak Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua