Ekonomia -

NAFARROA

Nafarroako Gobernuak 5.700 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du 2023rako

Inoizko aurrekontu handiena izango da, aurtengoa baino % 9 handiagoa. Nafarroako Gobernuak ziurtzat jotzen du EH Bildurekin laster lortuko duela Aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa.

Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia
Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria
Nafarroako Gobernuak 5.700 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du 2023rako

01:37

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak 5.748 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du 2023rako, aurtengoa baino % 9 handiagoa. Inoizko aurrekontu handiena izango da, eta erdia baino gehiago gastu sozialera (Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte sailak) bideratuko da: 2.800 milioi euro inguru, aurrekontu osoaren % 53, 12.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eman ditu aurrekontu proiektuaren xehetasunak, eta azaldu du helburua dela ongizatea bermatzea eta ekonomia suspertzea.

Kontseilaria baikor mintzatu da, eta Nafarroako Gobernuak 2023rako Aurrekontuak aurrera aterako dituela uste du. Ildo horretatik, lanean "buru-belarri" ari direla nabarmendu du. "Laugarren urtez jarraian Nafarroako Aurrekontuak onartzeko atarian gaude", gaineratu du.

PSN, Geroa Bai eta Podemosen arteko akordioak ahalbidetu du 2023ko aurrekontu proiektua onartzea. Orain, EH Bilduren babesa behar du Maria Chivite buru duen gobernuak Aurrekontuak aurrera ateratzeko; izan ere, Navarra Sumak argi utzi du kontra bozkatuko duela Nafarroako Parlamentuan.

Ekonomia eta Ogasun kontseilaria ziur dago datorren urterako neurri fiskalak aurrera aterako direla, baina ez du azaldu zein izango diren, ezta 2023ko kontuetan zer nolako eragina izango duten ere.

Gastu muga, ostera, 23 milioi euro handitu du Nafarroako Gobernuak, eta 4.300 milioi eurokoa izango da. Euopak Batasunak suspertze ekonomikora bideratatuko diru laguntzetatik 248 milioi euro jasoko ditu Foru Exekutiboak, eta datorren urterako BPG hazkunde aurreikuspena % 1,4koa izatea aurreikusten da gaur ezagutarazi diren  kontuetan.

EH Bildu: "Lehen pausoa eta abiapuntua"

EH Bilduk ez du jakinarazi, oraindik, aurrekontuak babestuko dituen edo ez, baina negoziatzen jarraitzeko borondate osoa duela ziurtatu du. Aurrekontu proiektua "lehen pausoa" eta "lanean jarraitzeko abiapuntua" dela iritzi dio koalizioak, desadostasun handienak zergen alorrean dituztela aitortuta.

Laura Aznal EH Bilduko parlamentaria eta datozen hauteskundeetarako Nafarroako Parlamenturako zerrendaburua agertu da, eguerdian, hedabideen aurrean, aurrekontuen inguruan koalizioaren iritzia zein den azaltzera. Horren hitzetan, EH Bilduk Chiviteren Gobernuari, negoziazioen hasieran, helarazitako proposamen asko jasota daude proiektuan.

Hori dela eta, koalizio abertzalearen "ekarpenei esker" aurrokontuen egitasmoa "askoz hobea" dela esan du Aznalek. Bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa eta borondatea agertu ditu, "hainbat konpromiso politiko erdiesteko".

Parlamentari nafarrak onartu du fiskalitatean dituztela akordioetara iristeko zailtasun handienak, eta "gehien duenak gehien ordaintzea" bilatzea dela euren helburua argi utzi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Aurrekontuak 2024