Ekonomia -
Energia berriztagarriak
Aldundiaren txosten batek "eragin oso larriak" ikusten ditu eolikoak jartzeko Arabako 7 gunetan
Radio Vitoriak jakin ahal izan duenez, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren txosten baten arabera, parke eolikoak jartzeko proposatutako 9 eremuetatik 7tan "eragin nabarmenak eta oso larriak" izango dira ingurunean. Eragin txikiena dutenak Ganekorta (Aiala harana) eta Labraza dira.
EITB Media
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko zerbitzuek txosten bat egin dute Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren Ingurumen-inpaktuaren Azterketari ekarpenak egiteko, Radio Vitoriak jakitera eman duenez.
Txostenaren 39 orrialdeetan esklusio-eremuak eta Araban Energia Berriztagarriak garatzeko egokitzat jotzen dituenak aztertzen dira. Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren txostenak parke eolikoen kalteak azpimarratzen ditu batez ere.
9 eremu aipatzen ditu, eta horietan 13 parke berri eraiki ahal izango lirateke, Araban jada martxan dauden hirurak alde batera utzita. Eremu horietatik, 7tan, Arabako Foru Aldundiaren txostenak eragin eta kalte handiak ikusten ditu ingurumenerako.
Soilik 1 eremuak, Ganekortak, Aiala ibarrak, har ditzake energia berriztagarria ekoizteko proiektuak. Hala ere, erroten lerrokadurari buruzko xehetasun gehiago eskatu ditu, sai arrearen eta sai zuriaren kolonietan ahalik eta eragin txikiena izateko.
Halaber, Labrazako parke-proiektua onartzeko modukoa dela uste du, Kodes mendilerroan duela 15 urtetik martxan dagoen handitze bat izango litzatekeelako.
Foru txostenak gaitzesten du Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den egitasmoan ez dela babesik ematen ingurumenaren aldetik babestutako eremuen arteko lotura diren eskualdeetan.