Ekonomia -

KPI

Euroguneko urte arteko inflazioak markak hautsi ditu urrian, eta % 10,7raino igo da

Euroguneko Barne Produktu Gordinak (KPI) % 0,2ko hazkundea izan du urteko hirugarren hiruhilekoan, bigarrengoan baino sei hamarren gutxiago.

Energiaren garestitzeak eragin du, batez ere, prezioen igoera. Egile eskubiderik gabeko irudia
Bonbila bat (Egile eskubiderik gabeko irudia)
Energiaren garestitzeak eragin du, batez ere, prezioen igoera. Egile eskubiderik gabeko irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko urte arteko inflazioa % 10,7raino igo da urrian, eta Eurogunearen historiako marka guztiak hautsi ditu, Eurostat estatistika erakundeak gaur argitaratu duen datu aurreratuaren arabera. Irailetik urrira, ostera, zortzi hamarren egin du gora.

Sektoreka, berriro ere energia garestitu da gehien (% 41,9); irailean, igoera % 40,7koa izan zen. Ondoren, elikagaiak, alkohola eta tabakoa ageri dira (% 13,1). 

Energia eta elikagai freskoak kontuan hartu gabe kalkulatzen den azpiko inflazioa, ostera, lau hamarren igo da urrian, % 6,4raino.

Euroa erabiltzen duten hemeretzi herrialdeen artean, Estoniak (% 22,4), Lituaniak (% 22), Letoniak (% 21,8) eta Herbehereek (% 16,8) dute inflazio tasarik handiena; txikiena, baina ez txikia, Frantziak (% 7,1), Espainiak (% 7,3) eta Maltak (% 7,5).

Euroguneko Barne Produktu Gordinak (KPI) % 0,2ko hazkundea izan du hirugarren hiruhilekoan

Euroguneko ekonomiaren moteltzea erakusten dute Eurostat estatistika erakundeak gaur zabaldutako datuek. Urteko hirugarren hiruhilekoan, Barne Produktu Gordina % 0,2 hazi da, bigarrengoan baino sei hamarren gutxiago.

Europar Batasuna bere osotasunean aintzat hartuta, ekonomia % 0,2 hazi da hirugarren hiruhilekoan, bigarrengoan baino bost hamarren gutxiago.

Azken hiruhilekoan, hazkunderik handiena izan duten herrialdeen artean daude Suedia (% 0,7), Italia (% 0,5), Portugal eta Lituania (% 0,4). Aitzitik, ekonomiak atzera egin du Letonian (% 1,7), Austrian eta Belgikan (% 0,1).

Espainiako Estatuan ere, motelaldia nabarmena da bigarren hiruhilekotik (% 1,5) hirugarren hiruhilekora (% 0,2). Frantzian, ostera, hiru hamarren egin du behera: % 0,5etik % 0,2ra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia EB Europako herrialdei buruzko albisteak Kontsumorako prezioen indize Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak