Ekonomia -
Etxelan Plana
Kutxabankek hipoteka ordaindu ezin dutenentzat plan bat jarri du abian
Egoera larrian dauden bezeroei diruz lagundutako alokairu baten bidez lagunduko diete; gehienez errentaren % 95 ordainduko diete, bi urtean gehien jota.
Erredakzioa
Kutxabankek zazpi milioi euro inguruko babesa izango duen plan bat jarri du abian hipoteka ordaindu ezin duten bezeroei laguntzeko.
Etxelan izena du programak eta egoera larrian daudenei diruz lagundutako alokairu baten bidez lagunduko diete; gehienez errentaren % 95 ordainduko diete, bi urtean gehien jota.
Laguntzak jaso ahal izateko baldintzak
Ekimenak jasotzen dituen laguntza horiek jaso ahal izateko nahitaezko baldintza izango da etxebizitza EAEn izatea, eta hipoteka ordaintzeko kuotak familiako diru-sarreren % 60 gainditzea.
Halaber, zorrari aurre egiteko beste ondasunik ez izatea edota ohiko etxebizitza erosteko hipoteka bakarra izatea derrigorrezko baldintzak izango dira.
Kutxabankek Bilbon duen egoitzan aurkeztu dute Etxelan izeneko programa. Planak zazpi milioi euroko babesa izango du, eta bi jarduera ardatz izango ditu.
Batetik, Kutxabankeko zerbitzu juridikoek hipoteka ordaintzeko arazoak dituzten bezeroak identifikatu ostean, kaltetuei eta euren familiei bi urteko gehieneko epean, diruz lagundutako alokairua eskainiko diete, gehienez errentaren % 95 ordainduta.
Bestetik, hipotekaren berregituraketa prozesua aktibatu ostean, eta laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan, Caritasi igorriko dio bezeroaren espedientea, eta gizarte eta lanerako jarraipen prozesu bati ekingo diote, kaltedunen aktibazio profesionala bultzatzeko.