Ekonomia -
kontsumoa
Uraren hiruhileko ordainagiria 2,4 euro igoko da datorren urtean Bizkaian
Praktikan, 2023ko ordainagiriaren igoerak urtean 9,6 euro inguruko igoera ekarriko du, hiru hilean behin jaulkitako lau fakturetan banatuta.
agentziak | eitb media
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren batzar nagusiak gaur arratsaldean onartu du % 5 igotzea datorren urterako hornidurako, saneamenduko eta arazketako zerbitzuengatiko tarifak. Horrek esan nahi du hiruhileko ordainagiria 2,4 euro igoko dela etxeko batez besteko kontsumo baterako, aurtengoarekin alderatuta.
Partzuergoko arduradunek jakinarazi dutenez, erakundeak egindako azterlanetan oinarritzen da erabakia. Azterlan horien arabera, egungo tarifek zerbitzuaren prestaziotik eratorritako gastuen zati bat estaltzen dute (% 77 inguru), eta uraren ziklo integralaren kostua % 100ean osatu behar da pixkanaka, Uraren Europako Esparru Zuzentarauaren kostuak berreskuratzeko printzipioa betez.
Erabaki horrek, argudiatu dutenez, indartu egiten du lurraldeak behar duen konpromiso inbertitzaile eta eraldatzailearen bermea azpiegiturak modernizatzeko, sartzen diren udalerrietan, zerbitzua baldintza berdinetan emateko (Busturialdean, esaterako) eta klima aldaketaren ondorioz sor daitezkeen arazoei aurrea hartzeko, bai baliabide hidrikorik ez dagoelako, bai prezipitazio ugariko eguraldi txarraren ondorioz.
Praktikan, 2023ko ordainagiriaren igoerak urtean 9,6 euro inguruko igoera ekarriko du, hiru hilean behin jaulkitako lau fakturetan banatuta.