Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Europako Batzordeak iragarri du Europar Batasuna atzeraldian sartuko dela neguan
Batzordeko Ekonomia komisarioaren arabera, "EBko ekonomia une mugarri batean dago". Gaineratu du hirugarren hiruhilekoan ekonomiak indarra galdu duela, eta datuek atzerakada aurreikusten dutela.
AGENtziak | EITB Media
Europako Batzordeak iragarri du Euroguneko ekonomia atzeraldi teknikoan sartuko dela 2023an, eta urtea % 0,3ko igoera soilarekin amaituko dela.
Ostiral honetan Europako Batzordeak argitaratu dituen aurreikuspen makroekonomikoek agerian uzten dute hazkundea mantsotu egingo dela neguan, eta inflazioak luzaroan iraungo duela, Ukrainako gerraren ondorioz sortu den energia krisia dela eta, bereziki.
"Europar Batasuneko ekonomia une mugarri batean dago. Urtearen lehenengo erdia ezustean indartsua izan bazen ere, ekonomiak indarra galdu zuen hirugarren hiruhilekoan, eta abenduan atzera egingo duela aurreikusten da", adierazi du Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak txostenaren aurkezpenean, "herrialde gehienak" atzeraldi teknikoan sartuko direla gehitu aurretik.
Urte hasiera onari esker, Euroguneko Barne Produktu Gordinaren hazkundea % 3,2koa izango da 2022an, eta % 3,3koa, Europar Batasunean, aurreikuspenak baino bost eta sei hamarren handiagoa, urte amaierarako atzeraldia espero den arren.
Izan ere, BPGak % 0,5 egingo du atzera 2022ko laugarren hiruhilekoan, eta % 0,1, 2023ko lehenengoan, bi eremuetan. Hori horrela, atzeraldi teknikoa egongo dela esan daiteke, bi hiruhilekotan espero baita atzera egitea.
Energiaren garestitzea, zalantzak, erosteko ahalmenaren galera, mundu mailako ahultasuna eta finantzazioa lortzeko zailtasunak dira udaberrirako amaitzea espero den atzeraldiaren arrazoiak. Orduan, % 0,3ko igoera espero da Eurogunean eta Europar Batasunean.
Testuinguru horretan, urtea amaitu arte inflazioak gora egiten jarraituko duela uste dute, eta Eurogunean % 8,5ekoa izango dela, eta % 9,3koa Europar Batasunean. 2023an, berriz, beheranzko joera hartuko omen du, % 6,1 eta % 7, hurrenez hurren, udan aurreikusitakoa baino maila altuagoan, hala ere.