Ekonomia -

PRESUPUESTOS 2023

2023ko kontuak negoziatzeko bigarren bilera erronda egingo du gaur Azpiazuk

Lehenengo errondan bezala, EH Bilduko ordezkariak hartuko ditu aurrena (09:30), eta ondoren Elkarrekin Podemos-IU (11:00) eta PP+Cs (13:00) taldeen txanda izango da.

Joan den asteazkenean egin zen lehendabiziko bilera erronda
Joan den asteazkenean egin zen lehendabiziko bilera erronda
Joan den asteazkenean egin zen lehendabiziko bilera erronda

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2023rako Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontuen proiektua negoziatzeko bigarren bilera errondari ekingo dio, gaur, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak oposizioko taldeekin. Aurreneko txandako hurrenkera berean egingo dira batzarrak: 09:30ean EH Bilduko ordezkariak hartuko ditu, 11:00etan Elkarrekin Podemos-IUkoak eta 13:00etan PP+Cs taldeko kideak. Lakuan izango dira hitzorduak.

Aurreneko errondaren ostean, Azpiazu baikor agertu zen, eta hiru talde parlamentarioetako batek ere ez zuela "marra gorririk" jarri balizko akordio batera iristeko nabarmendu zuen. Hizketan hasterako, sailburuak argi eta garbi esana zuen proposamenak kontuan hartu bai, baina egiturazko aldaketarik ez dutela egingo.

EH Bilduk, bere aldetik, Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen partidetan 450 milioi euroko aldaketak egitea proposatu zuen, "degradazio arriskuan" ikusten dituzten hainbat atal bideratzeko, tartean, Osakidetza. Halaber, krisi energetikoari, etxebizitzen garestitzeari, lehen sektorearen egoera zailari eta enpresen errotze galerari aurre egiteko sakoneko aldaketak egitea premiazkoa dela helarazi zioten Ekonomia arduradunari.

Bileraren ondorengo agerraldian, Maddalen Iriarte koalizio abertzaleko eledunak azaldu zuen fiskalitatearen inguruko eztabaida berehala zabaltzea izan zela mahai gainean jarri zuten beste eskarietako bat. Horren hitzetan, eragile guztiekin eztabaida irekia zabaltzea ezinbestekoa da eredu fiskala errotik aldatzeko, "partxeak jartzen ibili beharrean". Zentzu horretan, Jaurlaritzak eztabaidari ekiteko borondatea baduela esan zien.

Aurrekontuetan ''egiturazko aldaketak'' txertatzeko eskatu dio EH Bilduk Azpiazuri
Aurrekontuetan ''egiturazko aldaketak'' txertatzeko eskatu dio EH Bilduk Azpiazuri
Aurrekontuetan ''egiturazko aldaketak'' txertatzeko eskatu dio EH Bilduk Azpiazuri

2:11

Elkarrekin Podemos-IU taldeko ordezkariek, berriz, aurrekontuetara aurtengo soberakinetatik 511 milioi euro gehitzea proposatu zuten, "herritarren bizi kalitatea hobetzeko". Hainbat aldaketa proposatu zituzten osasun, etxebizitza, hezkuntza edota zerga alorretan, eta konpromiso politikoak hartzea ere eskatu zioten Jaurlaritzari.

Miren Gorrotxategi alderdi moreko bozeramailea ezkor atera zen bileratik, Azpiazuk argi jakinarazi baitzien "500 milioiko gehikuntza gehiegi" dela eta konpromiso politikorik hartzeko prest ere ez daudela aurrekontuen negoziazioan.

''Jaurlaritzak ez du konpromiso politikorik hartu nahi, kontuak bakarrik negoziatu nahi dituzte''
''Jaurlaritzak ez du konpromiso politikorik hartu nahi, kontuak bakarrik negoziatu nahi dituzte''
''Jaurlaritzak ez du konpromiso politikorik hartu nahi, kontuak bakarrik negoziatu nahi dituzte''

2:26

Azkenik, PP+Cs taldeko Carlos Iturgaizek adierazi zuen euren proposamen guztiak "zergak jeistera eta familien egoera arintzera bideratu" zituztela, eta hala jakinarazi ziotela Azpiazuri. "Energia, gasa, erregaiak eta hipotekak garestitzen ari diren honetan, presio fiskala jaistea eskatu dugu", esan zuen buruzagi popularrak.

Era berean, PPk gobernatzen dituen Estatuko beste erkidego batzuetako eredu fiskala aintzat hartzea proposatu zuten, Galiziakoa edota Madrilgoa, esaterako.

Zergak jaistea proposatu dio PP+Cs taldeak Azpiazuri, aurrekontuen negoziazioan
Zergak jaistea proposatu dio PP+Cs taldeak Azpiazuri, aurrekontuen negoziazioan
Zergak jaistea proposatu dio PP+Cs taldeak Azpiazuri, aurrekontuen negoziazioan

1:47
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak