Ekonomia -
Saioa Legebiltzarrean
Langabezi saririk gabeko langabeek ez dituzte ordainduko sendagaiak
Lehendakariak iragarri du Jaurlaritzak ez duela murrizketa gehiagorik egingo "oraingoz".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak iragarri du langabezia-saria agortu duten langabeek ez dituztela ordainduko sendagaiak. Gainerako erkidegoetan bezala, beraz.
Gasteizko Gobernuko buruak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena, Anton Damborenea PPko legebiltzarkidearen galdera bati erantzunda. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuaren murrizketak ez ezartzeko arrazoiak zentzuk diren galdetu dio.
Apirilean, Mariano Rajoyren Exekutiboak sendagaien koordainketa onartu zuen, baina salbuespen bat jarrita: langabezia-saria agortu duten langabeak.
Damboreneari erantzuteko txandan, lehendakariak iragarri du salbuespen hori EAEn ere ezarriko dutela, baina ukatu egin du hori egitea "Rajoyren murrizketak ezartzea" dela. Are gehiago, "erkidegoaren eskuduntzak garatzea eta ezartzea" dela azaldu du.
Patxi Lopezen esanetan, murrizketak baino, "hazkunde neurriak" sustatu behar dira, eta bere Gobernua jarri du horren adibide.
Damboreneak txalotu egin du Jaurlaritzak "Espainiako Gobernuaren neurriak ezartzea", hainbat hilabetez PPren Exekutiboari "oposizio demagogikoa" egin eta gero.
Dena dela, murrizketak non egingo dituzten "ezkutatzea" leporatu dio.
Hori horrela, Lopezek nabarmendu du "oraingoz" ez dutela murrizketa gehiagorik egin beharko "defizit helburua betetzeko".
Bestalde, lehendakariak berretsi duenez, "Euskadik ez du porrot egin eta ez du egingo", alderdi batzuek hala aurrez ikusi badute ere, eta legegintzaldia bukatu arte helburu nagusia "Euskadi ez gelditzea eta hauteskunde kalkuluak ez egitea" dela zehaztu du. Horrenbestez, hauteskundeak aurreratzea baztertu du.
Joseba Egibarren (EAJ) galdera bati erantzunda, Lopezek esan du Jaurlaritzak "lanean" jarraituko duela "ekonomia eta enplegua sustatzeko" eta "autogobernua defendatzeko, Estatua berriz zentralizatzeko Gobernuak erabilitako aitzakia faltsuen aurrean".
Parlamentari jeltzaleak salatu du Euskadi "geldirik" dagoela. "Ez dira gauza bera Gobernuan izatea eta gobernatzea", ohartarazi du.