Ekonomia -
Espainiako bankuen erreskatea
Alternatiba: 'Erreskatearen prezioa ez du langileriak ordaindu behar'
Halaber, berriro Aralarrekin, Eusko Alkartasunarekin eta ezker abertzalearekin datozen hauteskundeetara aurkeztea adostu du Alternatibak.
Erredakzioa
Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak larunbat honetan ohartarazi duenez, Espainiako bankuen erreskatea azkenean gauzatzen baldin bada, erreskatearen prezioa "langileriak ez ordaintzea" eskatuko du alderdi honek.
Matutek prentsaurrekoa eskaini du Gasteizen, alderdi honen Batzorde Nazionalaren ostean.
Espainiako bankuen erreskatearen harira galdetu diote, eta Matutek azpimarratu duenez, "oso posiblea da erreskatea egotea". "Gehien kezkatzen nauena krisia zuzenean pairatzen dutenei eskubideak murriztea da", esan du. "Erreskatearen baldintzak ezagutu ostean, horren prezioa langileriak ordaintzeko saiakerak salatuko ditu Alternatibak", adierazi du.
Indar abertzaleekin aurkeztuko dira
Halaber, berriro Aralarrekin, Eusko Alkartasunarekin eta ezker abertzalearekin datozen hauteskundeetara aurkeztea adostu du Alternatibako Batzorde Nazionalak. "Ezkerreko koalizio erabilgarri bat sendotzeko modu onena da", nabarmendu du Matutek, "aurreko koalizioek, Bilduk eta Amaiurrek, erakutsi dutenez".