Ekonomia -
Lan-gatazka
Bizkaiko metalgintzaren mahaia akordiorik gabe amaitu eta greba izango da azaroaren 28tik abenduaren 2ra
CCOOk, LABek eta UGTk "aurrerapausoak" aitortu dituzte, "baina ez dira nahikoak". ELAren ustez, negoziazioan gertatzen ari diren mugimenduak "greben arrakastak eragin ditu". FVEMen arabera, bileran "sindikatuen arduragabekeria eta zekenkeria agerian geratu dira".
Agentziak | EITB Media
Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaia akordiorik gabe amaitu da. Sindikatuek uste dute patronalaren proposamena "oso eskasa" dela; izan ere, "datorren astean grebara joatera behartzen du sektorea", azaroaren 28tik abenduaren 2ra.
CCOOk, LABek eta UGTk ordezkatzen duten gehiengo sindikalak salatu egin du patronalak "onartzeko eta sinatzeko" proposamen bat aurkeztu izana, nahiz eta, bertan, "aurrerapausoak" onartu dituzte, "baina ez dira nahikoak". Beraz, "erantzukizun-ariketa batean", proposamen berri bat aurkeztu dute, negoziazioari irekitako aldaketekin. FVEMek uste du ez zela onargarria, eta uko egin dio eztabaidatzeari, sindikatu horiek salatu dutenez.
Sindikatuen ahotan, "patronalaren azken egunetako mugimenduak orain arte egindako mobilizazioen eta greba egun arrakastatsuen emaitza dira", eta horrek erakusten du "hori dela bidea, eta datorren asterako deitutako bost greba egunetan tinko jarraitzeko unea dela".
Ildo beretik, ELAk uste du negoziazio mahaian gertatzen ari diren mugimenduak "greben arrakastak sortu dituela", baina kritikatu egin du patronalak "sektore osorako KPIren berehalako igoerak bermatu gabe eta aplikatzeko bermerik eskaini gabe jarraitzea".
FVEM patronalaren arabera, aldiz, bileran "sindikatuen arduragabekeria eta zekenkeria agerian gerau dira, aste honetan Araban sinatu duten hitzarmena hobetzen duen proposamen bati uko egin diotelako". Hori dela eta, eskaintza berriz aztertzeko eta greba bertan behera uzteko eskatu die.
FVEMek salatu du sindikatuek uko egin diotela eskaintzari, eta uko egin diotela "guztiz beharrezkoa ez den eta justifikaziorik ez duen greba bat bertan behera uzteari, mahaian aurrerapauso handiak ematen ari direnean". "Eskaeretan errealistak izateko" eskatu die sindikatuei.
Grebarekin, "sektorea eta bertan lan egiten duten pertsonak ezegonkortasunera eta galera ekonomikoetara bultzatzen ari dira, egoera ekonomiko globalean inolako zentzurik ez duena", ohartarazi du.