Ekonomia -
Martxa herritarra
Ehunka lagun bildu dira ezkerraldean murrizketen aurka protestatzeko
"Ezkerraldearen aldeko Martxa" lelopean bildu dira larunbat honetan Sestaoren eta Barakaldoren artean izandako protestan.
Erredakzioa
Ehunka lagun bildu dira larunbat honetan Barakaldoren eta Sestaoren artean izandako "Ezkerraldearen aldeko Martxa"n partehartzeko. Partehartzaileek ezkerraldeko langabezia eta desegite industriala salatu dute.
Berri-Otxoak bazterkeria sozialaren aurkako plataformak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, "1.000 partehartzaile inguru izan dira bertan". Martxa Sestaoko Kasko plazatik abiatu da 12:00etan, "Langabeziaren eta murrizketa sozialen aurka. Gastu militarrik ez!" lelopean, eta 14:00ak aldera amaitu da Barakaldoko Anaien Parkean.
Manifestariek ezkerraldeko "desegite industriala" salatu dute. Gainera, gastu militarrak krisia pairatzen duten familien beharrak asetzeko zuzentzea eskatu dute. ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, CGT eta CNT sindikatuek eta ezkerraldeko hainbat talde sozial deitu dute martxa hau.
Berri-Otxoak plataformak adierazi duenez, ezkerraldeko 51.500 familiek "arazoak dituzte soldatarekin hilabetea igarotzeko", eta beste 21.000 lagun langabezian daude, hau da, ezkerraldeko biztanleriaren % 21a.