Ekonomia -
Lehen sektorea
Makroetxaldeen aurkako Nafarroako Plataformak "elikadura burujabetza" defendatu du
Azpimarratu duenez, "biztanleak baino txerri gehiago ditugu, eta haragi hori esportaziora bideratzen da bereziki".
agentziak | eitb media
Makroetxaldeen aurkako Nafarroako Plataformak manifestazioa egin du gaur abeltzaintza industriala errefusatzeko eta "elikadura burujabetzara" bideratzeko eredu aldaketa aldarrikatzeko.
Mobilizazioa gaur eguerdian izan da Iruñeko Sarasate Pasealekuko Foruen Monumentuan, eta bertan, abeltzaintza industriala salatzeaz gain, nekazaritza eremua babestea eta elikadura burujabetza aldarrikatu dute.
Plataformak agiri batean azaldu duenez, "nekazaritza eta abeltzaintza arloan herritarren % 3k soilik lan eginda, eta sektore zahartua eta erreleborik ez duena izanda, sustatzen den eredu bakarra lurra erretzen, ura pozoitzen eta produktuak milaka kilometrora eramaten dituena da".
"Gaur egun Nafarroako nekazaritza lurren hiru laurdenak animaliak elikatzeko erabiltzen da", gaineratu du. "Gizakien elikadurara bideratutako laurden hori atzerrira saltzeko" erabiltzen omen da. Abeltzaintzari dagokionez, "biztanleak baino txerri gehiago ditugu, eta haragi hori esportaziora bideratzen da bereziki". "Bitartean, iraunkorragoak diren ustiapenetan, artzaintzan, adibidez, animalia kopurura erdira jaitsi da 20 urtean", azaldu du.
"Ekoizpen industrial eta intentsibo eredu horrek erregai fosilen mendekotasuna du kate osoan, eta ongarri eta pestizida kimikoak behar ditu", adierazi du plataformak, azken urteotan Nafarroako ura nitratoekin kutsatu dela gehitzeko.
Horren aurrean, "merkatuak eta prezioak arautzea, eta elikadura sistema osoa berrantolatzea" eskatu du, "gure elikadura lurraldean ditugun baliabideetara egokituz". Era berean, ekoizpen sektorea "gure herritarren beharrak asetuko dituen elikadura burujabetzara bideratzea" proposatu du, eta "agroekologian, askotariko laborantzan eta desintentsifikazioan oinarritzea, lurrari lotutako abeltzaintzarekin".