Ekonomia -
Espainiako bankuen erreskatea
Urkullu: 'Espainiak ez du loteria irabazi'
EAJko EBBren presidenteak azpimarratu duenez, Espainia "erreskatatu dute, zentzu zabalenean". Erreskateak ekar ditzakeen ondorioen gainean "argi" izateko eskatu dio Rajoyri.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko EBBren presidenteak nabarmendu duenez, "Espainiak ez du loteria irabazi, erreskatatu egin dute, zentzu zabalenean ulertuta". Hori dela eta, "eufemismo" ez erabiltzeko eta erreskateak ekar ditzakeen ondorioen gainean "argi" izateko eskatu dio Rajoyren Gobernuari.
Urkullu igande honetan Zarautzen izandako Euskal Eskola Publikoaren Jaialdian izan da eta bertan egin ditu adierazpen hauek. Jeltzaleak bere kezka azaldu du, "Mariano Rajoyk eufemismoekin iruzur egin gaituelako". "Zentzu zabalenean erreskate bat da, nazioartean Espainia peoi bat da", esan du.
Rajoyren ez agertzea salatu du
Halaber, "orain arte bizi dugun iluntasuna gainditzeko" eskatu dio PPri. "Ezarri dituzten bi lege-dekretuek kale egin dute eta hori onartu behar dute", nabarmendu du, "gainera, horrek mesfindantza eragin du munduko merkatuetan".
"FROBek politika arloan egingo duena, Europar Batasunaren esanahian eta Kataluniako edo Euskadiko paperaren gainean litekeen eragina ezagutu behar dugu", eskatu du Urkulluk.
"Estatu itun bat beharrezkoa den heinean", EAJ eta CIU "aintzat hartzea" eskatu dio Urkulluk Rajoyri.