Ekonomia -

Dokumentazioa

Zer gertatuko litzateke Grezia eurogunetik ateratzen bada?

Greziak euroa uzten badu, erabaki horrek herrialde horretan nahiz Europar Batasunean izango lituzkeen ondorio nagusiak laburbildu ditugu.

Grezia eurotik ateratzen bada, Europako herrialde guztietan eragina izango du. Argazkia: EITB
Grezia eurotik ateratzen bada, Europako herrialde guztietan eragina izango du. Argazkia: EITB
Grezia eurotik ateratzen bada, Europako herrialde guztietan eragina izango du. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren ekainaren 17an egingo dituzte hauteskundeak Grezian eta emaitzak Europar Batasunaren etorkizunean eragina izango du, bozak igarotzean eurogunean jarraitu ala ez erabaki beharko baitu. Azken hilabeteotako gertakariak ikusita, badirudi Greziak euroa uztea erabakiko duela. Hori horrela bada, zer gertatuko litzateke Grezian?

1. Grezia eurogunetik ateratzen bada, moneta berri bat sortu beharko luke eta normalena drakma moneta berreskuratzea izango litzateke. Alabaina, moneta propioa martxan jartzeko diru asko xahutu beharko luke: kutxazainetako diru guztia aldatu, moneta berria ekoizteko makinak abian jarri, trukerako programak prestatu, herritarrak moneta berria erabiltzeko trebatu...

2. Moneta berriak balioa galduko luke, baina horrek bi ondorio positibo izango lituzke Greziarentzat:

- Alde batetik, esportazioak ugarituko ziren. Monetak balio gutxiago izanda, produktu greziarrak atzerrian merkeagoak izango lirateke eta, ondorioz, salmenta kopuruak gora egingo luke.

- Eta bestetik, turismoa haziko litzakete, atzerritarrentzat merkea izango litzakeelako oporretan Greziara joatea.

Moneta berriak balioa galtzearen ondorio negatiboak:

1. Kapitalak atzerrira joango lirateke. Inbertitzaileek jakin jakingo dute euren diruak, drakmatan mantenduz gero, balio gutxiago izango duela eta, beraz, beste moneta batengatik trukatuko dute.

2. Mundu guztiak diru greziarra aldatu nahiko du, aldi berean joango dira bankuetara dirua ateratzera eta horrelakoetan gertatu ohi dena jazoko da: Greziako finantza-sistemak porrot egingo du eta Greziako Estatuak ez du gaitasunik izango bankuak erreskatatzeko. Kontu hartu behar da Greziak gaur egun ez duela ahalmenik bere zorrak kitatzeko eta moneta berriak balio gutxiago izango duenez, bere zorra oraingoa baino garestiagoa izango da.

3. Greziarrek drakmak trukatzen dituztenean, Greziako Gobernuak truke-tasak kontrolatu beharko ditu eta horrek atzerri-komertzioan eragin negatiboa izango luke.

4. Monetaren balioa gutxituta, greziarren diruak gutxiago balioko du eta, ondorioz, pobreagoak izango dira.

ETA GREZIAK EUROGUNEAN JARRAITZEA ERABAKITZEN BADU?

1. Greziak subiranotasuna galduko luke. Greziako Gobernuak gero eta erabaki gutxiago hartzeko ahalmena dauka, areago troika-k egindako erreskatearen ostean.

2. Ekonomiaren geldialdia. Doikuntza eta murrizketa politikarekin jarraituz gero, Greziak zenbait urte beharko ditu hazkunde ekonomikoarekin hasteko eta enplegua sortzeko.

ETA GREZIA EUROGUNETIK ATERATZEN BADA, ZER GERTATUKO LITZATEKE EUROPAR BATASUNEAN?

1. Europako Banku Zentralari eta gainerako bankuei ez litzaieke ordainduko. Horrenbestez, Europako Bankuak kapital bilketa bat egin beharko luke, baina horrek koste ekonomiko handia suposatzen du, zorra garestitu egingo litzateke eta politikoki Europako herrialdeek hilabeteak beharko lituzkete akordio batera heltzeko.

2. Kutsatze-efektua. Greziaren erabakiak Portugal kolokan jarriko luke, eta Portugalek porrot egiten badu, Espainia arriskuan egongo litzateke; izan ere, Portugalek Espainiari 65.700 milioi euro ordaintzari utziko lioke. Beraz, Espainiaren egoera ekonomikoak okerrera egingo luke, langabeziak gora egingo luke eta porrot egiteko arriskuan egongo litzateke.

3. Horiek horrela, depresio ekonomikoa Europara zabalduko litzateke, esportatzaile indartsuena den Alemaniak erosleak galduko lituzke eta, ondorioz, atzeraldian sartuko litzateke, Europako motor ekonomikoa izateari utzita.

ITURRIA: Economipedia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea