Ekonomia -
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Turismo sektorearen energia eraginkortasuna hobetzeko 3,8 milioiko dirulaguntza programa zabaldu dute
Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 13tik 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da irekita.
EITB Media
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 3,8 milioi euroko dirulaguntza programa jarri du abian turismo sektorearen energia-eraginkortasuna hobetzeko asmoz.
Laguntza programa hau bultzatuz garatzen diren proiektuek energia-eraginkortasunean eta ekonomia zirkularraren arloan hobekuntzak egitea ahalbidetuko dute, baita, aldi berean, karbono aztarna eta energia kostuak murriztea ere.
Gaur argitaratu dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Turismoko Enpresen Energia Eraginkortasuneko Proiektuetarako Laguntzen Programaren oinarriak. Eskabideak aurkezteko epea 2022ko abenduaren 13tik 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik.
Laguntzen azken hartzaileak hauek izango dira: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ostatuen eraikinen jabeak, ustiatzaileak, maizterrak edo emakidadunak.
Dirulaguntzak jaso ahal izateko, hiru esku-hartze hauetakoren bat egin beharko da:
1) Inguratzaile termikoaren eraginkortasun energetikoa hobetu.
2) Berokuntza-, klimatizazio-, hozte-, aireztapen- eta ur bero sanitarioko instalazio termikoetan energia-eraginkortasuna hobetu eta energia berriztagarriak erabili, baita hainbat eraikinetako konplexu turistikoetarako energia berriztagarrien eta/edo hondar-beroaren bidez elikatutako bero- eta hotz-sareak instalatu.
3) Argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasuna hobetu.
Laguntza hauei lotutako espedienteak (eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta gainerako kudeaketak) Energiaren Euskal Erakundearen webgunearen bitartez kudeatu beharko dira.