Ekonomia -
LAGUNTZAK
Eusko Jaurlaritzak 6,6 milioi euro gehiago bideratuko ditu landa-eremuetako proiektuetara
Zuzkidura horrekin laguntzak 15,7 milioikoak izango dira. Deialdian aurreikusita zegoen finantzazioarekin konparatuz (zuzkidura ekonomikoa bederatzi milioi eurotik gorakoa zen), 100 proiektu gehiago lagundu ahal izango dira.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak landa-eremuetako proiektuetarako laguntzak 6,6 milioi eurorekin handitzea erabaki du astearte honetan. Zuzkidura ekonomikoa bederatzi milioi eurotik gorakoa zen, baina 398 esakeratik gora izan dira, eta ahalik eta proiektu gehienei laguntze aldera, kontseiluak LEADER deialdiko funtsak 15,7 milioi euroraino handitzea adostu du.
Hala adierazi du Arantxa Tapia sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren asteroko bileraren ostean, eta gaineratu du "injekzio ekonomiko" berri horrek 290 proiektu ingururi erantzuteko aukera emango diela.
Gehigarri honi esker gure herri txiki eta mendiguneetako guneak hobeto hornituak izango dira; bizitza kalitate hobea eskaini ahal izango da eta bizitzeko ez bakarrik, herrietan lan egiteko aukerak ere areagotu egingo dira", esan du.
Tapiak azaldu duenez, proiektu horietatik 175 sektore publikoko proiektuak izango dira, eta gainerakoak pribatuak. Laguntzak ekintzailetza babestera, enpresak sortu, zabaldu eta modernizatzera, besteren konturako kontratazioa babestera edo Leader udalerrietako azpiegituretara, oinarrizko zerbitzuetara eta berrikuntza-lanetara bideratuko dira.
LEADER eremurako aukeratutako euskal udalerriak hartzen dituen eremu geografikoan aplikatuko dira laguntzak (guztira 122; horietan, 93.000 pertsonatik gora bizi dira eta Euskadiko udal landatarrenak barne daude).