Ekonomia -

Energia

Energia garbi eta mugagabea sortzeko fusio nuklearrean mugarri historikoa iragarri du AEBk

"Hau hasiera besterik ez da", esan du Jennifer Granholm AEBko Energia idazkariak prentsaurreko batean. Aurkikuntza aurrerapauso handia izango dela dirudi, baina urteak beharko dituzte oraindik energia mota hori merkaturatzeko.

Jennifer Granholm AEBko Energia idazkaria, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Jennifer Granholm AEBko Energia idazkaria, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Jennifer Granholm AEBko Energia idazkaria, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan abenduaren 5ean, Kalifornian egoitza duen Lawrence Livermore laborategi nazionalak egin zuen lorpena, lehen aldiz, fusio bidez kontsumitutako energia baino gehiago sortuta. "Hau hasiera besterik ez da", esan du Jennifer Granholm AEBko Energia idazkariak prentsaurreko batean.

Aurkikuntza aurrerapauso handia izango dela dirudi, baina urteak beharko dituzte oraindik energia mota hori merkaturatzeko. Hori horrela, ikusteke dago noiz izango den eskura erregai fosilak bazter utzi, eta klima aldaketa geldiarazteko beharrezkoa den energia garbi nahikoa.

Segurtasun Nuklearreko Administrazio Nazionaleko (NNSA, ingelesez) idazkariorde Jill Hrubyk hedabideen aurrean adierazi duenez, abenduaren 5ean, zientzialariek fusio nuklearra energia irabazi garbiarekin lortu zutenean, "egun garrantzitsua izan zen zientziarentzat".

"Fusio kontrolatuko esperimentu batean su hartzea 60 urteko garapen, ingeniaritza eta esperimentazio ikerketa globalaren ondoren datorren lorpena da", adierazi du Hrubyk.

Zer da fusio energia?
Zer da fusio energia?
Zer da fusio energia?

2:44

192 laser, arto-krispeta baten tamainako helburu baten aurka

Azaldu duenez, balentria hori lortzeko, zientzialariek 192 laser zuzendu zituzten arto-krispeta baten tamainako helburu baten aurka, zehazki, deuteroia eta tritoia zituen kapsula baten aurka, 3 milioi Celsius gradutan.

Horrela, "izar baten baldintzak labur simulatu zituzten eta su hartzea lortu zuten", adierazi du Hrubyk.

Hala ere, Kim Budil Kaliforniako laborategiko zuzendariak zehaztu du oraindik "oztopo esanguratsuak" daudela merkaturatzeko.

"Hau behin erre den kapsula bat besterik ez da izan, eta fusio komertzialeko energia izateko kapsula asko behar dira minutuko fusioko su hartze batzuk sortzeko", onartu du Budilek.

Zentzu horretan, fusio nuklearrarekin funtzionatuko duen instalazio elektriko bat eraikitzeko "hamarkada gutxi batzuk" beharko direla kalkulatu du.

Azkenik, Marvin Adams Defentsa Programetarako NNSAren administratzaileordeak gogorarazi du fusioa "arma nuklear modernoen funtsezko prozesua" dela eta "energia garbi ugari sortzeko ahalmena" duela.

Ziurtatu duenez, aurkikuntza horri esker, laborategiko esperimentuak egin ahal izango dira, NNSAk armak kentzeko programei laguntzeko, "froga nuklearrik gabe, lehergailuak zartarazi beharrik gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Larrialdi klimatikoa Joe Biden Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia gaur