Ekonomia -

lan gatazka

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte Osakidetzan ostegunerako

Sindikatuek mobilizazio dinamika hasi dute Osakidetzan, negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko.

Osakidetzako langileen manifestazioa, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzako langileen manifestazioa, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzako langileen manifestazioa, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazio dinamika abiatu dute Osakidetzan, eta abenduaren 22rako, ostegunerako, egin dute lehen deia. Elkarretaratzeak deitu dituzte Osakidetzako lantoki guztietan, "negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko".

Osakidetza demokratizatzeko "Mahai Sektorialaren blokeoa gainditu" behar dela azpimarratu dute sindikatuek, eta langileen ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatu behar dela horretarako.

Gogorarazi dutenez, sindikatuak Mahai Sektorialetik altxatu ziren urte hasieran, eta gauza bera egin zuten uda ostean. Era berean, eta egoera desblokeatzeko asmoz, "bi aldiz" deitu diote Osakidetzako Zuzendaritzari Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egitera, eta "Osakidetza ez da bilera bakarrera ere joan".

Azken aldian, abenduaren 7an, Osasun Saileko buruzagitzarekin bildu ziren, sailburua buru zela, eta salatu egin dituzte orduan ikusitako "Sailaren elkarrizketarako borondate eza eta inposizioaren aldeko apustu sendoa".

"Bertikaltasuna eta inposizioa Osakidetzako Zuzendaritzatik hasten dira, baina Euskal Osasun Zerbitzuaren barne egitura osora hedatzen dira", gaineratu dute.

Sindikatuek nabarmendu dute lan prekarietateak "gure osasun publikoaren arazo handienetakoa" izaten jarraitzen duela, "% 50etik gorako behin behinekotasun tasa, hamarkada batean erosteko ahalmenaren % 20tik gorako galera, lan gainkarga sistematikoa eta langileen eskasia" aipatuta. Bitartean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuan "aplikatutako murrizketek indarrean jarraitzen dute".

Errealitate horren aurrean, ezinbestekotzat jo dute langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio dinamikari ekitea. Lehenbiziko urrats gisa, elkarretaratzeak deitu dituzte Osakidetzako lantoki guztietan abenduaren 22rako, ostegunerako, 11:00etan ospitale guztietan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretako zentro guztietan.

Gabonak igarota, mobilizazioekin jarraituko dute, langileek eta herritarrek "kaleak osasun publikoaren alde bete ditzaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak ELA Langile Abertzaleen Batzordeak Gizartea Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Medikuntza albisteak Euskal sindikatuak CCOO sindikatua UGT