Ekonomia -
Kutxen legea
Legebiltzarrak onartu egin du kutxak despolitizatzeko legea
EAJk, PSEk eta PPk alde bozkatuta onartu dute. Orain, baldintza berriak oinarri hartuta, kutxen gobernu organoak berritzeko prozesua hasiko dute.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak onartu egin du aurrezki kutxak despolitizatzea eta profesionalizatzea helburu duen legea, EAJk, PSE-EEk eta PPk alde bozkatuta.
Orain, baldintza berriak oinarri, kutxen organoak berritzeko prozesua abiatuko dute.
Legeak parekatu egiten du EAEko araudia Estatukoarekin. Horrela, erakunde publikoek asanbleetako kideen % 40 izango dituzte, orain arteko % 50 izan beharrean.
Halaber, bateraezin egingo du kutxa bateko gobernu organoko kide eta edozein administraziotan hautetsi publikoa izatea.
Kutxen kudeaketa profesionalizatzeko helburuz, gainera, administrazio kontseiluetako eta kontrol batzordeetako kideek soldata izan ahalko dute.
Sozialistek asanbleetako kideen % 5 Eusko Legebiltzarrak izendatzea proposatu dute, baina azkenean ez da hala izango.
Legearen arabera, erakunde fundatzaileen (aldundiak eta hiru hiriburuetako udalak) ordezkariak erakunde horretan gobernatzen dutenek izendatuko dituzte. Egun, EAJk gobernatzen du Bizkaiko erakundeotan, PPk Arabakoetan eta Bilduk Gipuzkoakoetan.
Kutxabanken, kutxa bakoitzaren ordezkariak ez dituzte proportzionalki hautatuko asanbleetan, baizik eta gehiengo osoz. Hau da, % 51 dutenek ordezkari guztiak hautatuko dituzte.
Talden jarrerak
Eztabaidan, Javier Carro EAJko legebiltzarkideak adierazi du "herritarrak eta kutxetako langileak" izango direla gobernu organoetako "aktore protagonistak".
Joana Madrigalen (PSE-EE) hitzetan, EAEko kutxak ondoen kudeatuta daudenak dira, eta hemendik aurrera horrela izaten jarraituko dute. Legeari oniritzia eman badiote ere, sozialistek kritikatu egin dute EAJk "gehiegizko ordezkaritza" duela kutxetan.
Carlos Olazabalek (PP) azaldu duenez, legeak "despolitizazio argia" eta "kudeaketa profesionala" ezartzea du helburu. "Estatuan ez dute bankuek egin porrot, baizik eta kutxek, horien kudeaketa ez baitzen profesionala", gogorarazi du.
Dani Maeztuk (Aralar) eta Mikel Aranak (Ezker Anitza-IU) legearen kontra egin dute, kutxak desagertzea eta banku bihurtzea ekarriko duelako.
Juanjo Agirrezabalak (EA) salatu du legea ez datorrela bat bere alderdiak duen herrialde ereduarekin, ezta herrialdeak behar duen finantza sistemarekin ere.
Gorka Maneirok (UPyD) ohartarazi du legea "herrialdea porrotera eraman duten alderdiek" sortu dutela, eta kutxak "arpilatu" izana leporatu die.