Ekonomia -
Lan-gatazka
Donostiako Onkologikoko garbitzaileek 20 eguneko greba egingo dute
Ilunion enpresako 20 langile azpikontratatuek, gehienak emakumeak, hilaren 30ean hasiko dute greba, "egoera ezegonkorrari" irtenbidea emateko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
ELA sindikatuak 20 eguneko greba deitu du Donostiako Onkologikoaren garbiketa zerbitzuan. Ilunion enpresako 20 langile azpikontratatuek, gehienak emakumeak, hilaren 30ean hasiko dute greba, "egoera ezegonkorrari" irtenbidea emateko.
Donostian emandako prentsaurreko batean, ELAko arduradunek azaldu dute Onkologikoan lanaldi osoan kontratatutako garbitzaileek "20.000 euro inguru kobratzen dutela urtean, Gipuzkoako kale-garbiketako langileek baino % 25 gutxiago". Horrek esan nahi du "antzeko lana egiten duten sektore maskulinizatuetan urtean 5.000 euro gehiago kobratzen dituztela, sistema kapitalista patriarkalak ez dielako balio ekonomiko bera ematen sektore feminizatuei eta maskulinizatuei".
Horren aurrean, eta kontratazioa eta beste lan-baldintza batzuk kontuan hartuta, Onkologikoko garbitzaileek zentroko hitzarmen bat negoziatzea erabaki dute. Ilunion enpresak, Donostiako osasun-zentroko garbiketa-zerbitzuaren esleipendunak, ordea, "hiru aldiz baztertu du ELAren bilera-proposamena".