Ekonomia -
Nafarroa
Barcinak onartu egin ditu PSNrekin haustura ekarri zuten murrizketak
Murrizketa 132 milioi eurokoa izango da, baina ez du eraginik izango Osasuna eta Hezkuntza arloetan, Barcinak berak azaldu duenez.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernua lehen aldiz bildu da Yolanda Barcina presidenteak Roberto Jimenez sozialista presidenteorde kargutik kendu eta PSNk Exekutiboa utzi eta gero.
Bileran, Foru Gobernuak hain zuzen ere PSNrekin haustura ekarri zuen 132 milioi euroko murrizketa onartu du. Helburua BPGren % 1,5eko defizit helburua betetzea dela azaldu du Exekutiboak.
Prentsaurrekoan Barcinak berak azaldu duenez, murrizketak ez du eraginik izango Osasuna eta Hezkuntza arloetan, ezta zerbitzu sozialetan ere.
Presidentearen esanetan, gastu arrunta % 11,4 murriztuko dute, ondasunetan eta zerbitzuetan.
Halaber, % 17,76 jaitsiko dute Aurrekontu publikoek finantzatutako finantza erakundeen funtzionamendurako transferentzia arruntak, 47,3 milioi euro aurrezteko.
Gobernuaren inbertsioak ere % 23,68% murriztuko dituzte, eta, ondorioz, 25,3 milioi eurotan jaitsiko dute gastua.
Azkenik, kapital transferentziak % 19,24 jaitsiko dituzte, 34,7 milioi euro aurrezteko.
122 milioi euroko murrizketa horri, baina, beste 10eko bat gehitu beharko zaio. Ekonomia eta Enplegua Sustatzeko Planaren zati bat ez gauzatuz lortuko dute kopuru hori aurreztea.