Ekonomia -

Foru Erkidegoa

LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILASek otsailaren 15ean grebara deitu dituzte Nafarroako 29.000 langile publikoak

Sindikatuek aitortu dutenez, mobilizazioa deitzeko erabakian zerikusia izan du Nafarroako Medikuen Sindikatuaren grebak, horren ondorioz, Foru Gobernuak soldata hobekuntzak eskaini behar izan dituelako, klaseko sindikatuei ukatu dietena, hain zuzen ere.

LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILASen greba deialdia Nafarroan. Argazkia: EFE
LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILASen greba deialdia Nafarroan. Argazkia: EFE
LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILASen greba deialdia Nafarroan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS sindikatuek greba eguna deitu dute hilaren 15erako foru administrazio osoan eta haren erakunde autonomoetan, guztira 29.000 langile inguru, lan hobekuntzak eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzeko.

Sindikatu horiek aitortu dutenez, mobilizazioa deitzeko erabakian zerikusia izan du Nafarroako Medikuen Sindikatuaren grebak, horren ondorioz, Foru Gobernuak soldata hobekuntzak eskaini behar izan dituelako, klaseko sindikatuei Mahai Orokorrean edo mahai sektorialetan ukatu dietena, hain zuzen, gastua mugatzeko legeek eragotzi egiten dutela argudiatuz. Foru Exekutiboak berak "mantra" hori orain ez duela kontuan hartu salatu dute sindikatu nafarrek.

Horregatik, gaur prentsaurrekoan aurreratu dutenez, hilaren 17rako deitutako Mahai Orokorraren bilerak langile publikoei benetan interesatzen zaizkien gaiak aztertzeko izan behar du, "ez baita gauza bera deitzea edo negoziatzea".

Nafarroako Medikuen Sindikatuaren greba "urak gainezka egiteko falta zen tanta izan da", adierazi du David Marcalain CCOOko kideak, eta Isabel Artieda LABeko kideak esan du medikuen greban, ordainsariez gain, beste alde batzuk ere badaudela, "osasun publikoaren pribatizazioa bultza dezaketenak".

LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS sindikatuek manifestu bateratu batean defendatu dutenez, hilaren 15eko grebarekin langile publikoen lan-baldintzak hobetu nahi dituzte, herritarrei "kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak eskaintzeko", "pertsonen bizi-kalitatea bultzatzeko" eta "gizarte hobea, bidezkoagoa eta desberdintasun gutxiagorekin eraikitzeko".

Hala, hilaren 15ean elkarretaratzea egingo dute Foru Gobernuaren egoitzaren aurrean 11:30ean, eta arratsaldean, 17:30etik aurrera, manifestazioa egingo dute Iruñean. Mobilizazioen atarian, batzar informatiboak egingo dira otsailaren 8, 9 eta 10ean, eta, hilaren 13an, eskaera guztiak jasotzeko idazki bat eramango dute erregistrora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa ELA LAB Grebak Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Sindikatuak CCOO UGT Steilas Lan gatazkak