Ekonomia -

KONTSUMORAKO PREZIOEN INDIZEA

Urte arteko KPIa % 5,6ra igo da EAEn eta % 6,4an mantendu da Nafarroan, urtarrilean

Espainiako Estatuan urtarrilean urte arteko tasa % 5,9koa izan zen, abenduan baino bi hamarren gehiago. Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontutan hartzen ez dituena, % 7,5eraino igo da urtarrilean.

Urte arteko KPIaren bilakaera. Grafikoa: EITB
Urte arteko KPIaren bilakaera
Urte arteko KPIaren bilakaera. Grafikoa: EITB

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urte arteko inflazioa bi hamarren igo da urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), % 5,6ra, eta % 6,4an mantendu da Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera.

Elikagaien eta alkoholdun edarien prezioak, ostera, % 15 egin du gora Euskadin urtarrileko urte arteko tasari dagokionean. Urritik % 15eko langaren gainetik kokatuta dago, baina abendutik urtarrilera hamarren bat jaitsi da. Nafarroari dagokionez, elikagaiak % 15,7 garestitu dira iazko urtarriletik aurtengora, baina bi hamarren jaitsi da abenduko datua aintzat hartuta.

Espainiako Estatuko KPIa % 5,9ra igo da eta elikagaien prezioak % 15,4 garestitu dira urtarrilean

Espainiako Estatuko Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko tasa % 5,9ra igo da urtarrilean iazko hilabete berarekin alderatuta. Abenduan urte arteko % 5,7koa izan zen, urtarrilean baino hamarren bat txikiagoa.

Elikagaien prezioak % 15,4 garestitu dira urtarrilean iazko hilabete berarekin alderatuta, baina abenduan baino hiru hamarren gutxiago, erosketa saskiko hainbat produkturi BEZ zerga murriztu ondoren.

Erregaiak, eta arropa eta oinetakoak izan dira gehien garestitu direnak. Urte arteko KPIaren gorakada erregaien prezioen igoeragatik gertatu da, batez ere. Zehazki, azken hilabetean % 9,5 garestitu dira eta % 11,7, azken urtebetean. Kontua izan behar da Espainiako Gobernuan urte hasieran bertan behera utzi zuela erregaien gaineko deskontua. Jantzi eta oinetakoen prezioak % 3,6 igo dira, ostera, aurtengo beherapenak iazkoak baino apalagoak izan direlako.

Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontutan hartzen ez dituena, bost hamarren igo da urtarrilean, % 7,5eraino. 1986ko abendutik izan den altuena da, eta puntu eta erdi baino gehiagoko aldea du KPI orokorrarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan EAE Espainia argazkiak KPI albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kontsumoa Gasolioaren prezioa