Ekonomia -
Espainiako bankuen erreskatea
Kaudimen-txostenengatik 2 milioi euro ordaindu ditu Espainiako Bankuak
Espainiako Bankuko arduradunen arabera, prezioa merkatuak berak ezarritakoa da, eta bi txosten horiek gardentasunari balio osagarria ematen diotela azpimarratu dute.
Erredakzioa
Espainiako bankuen kapital-beharrizanen inguruan egindako txostenengatik 2 milioi euro ordaindu dizkie Espainiako Bankuak Oliver Wyman eta Roland Berger enpresei, Fernando Restoy Espainiako Bankuko gobernadoreordeak.
Restoyren iritziz, ordaindutakoa merkatuko prezioekin bat dator, kontuan izanda, gainera, prozesua denbora epe oso laburrean egin behar izan dutela.
Gobernadoreordeak prentsaurrekoa eman zuen ostegunean Fernando Jimenez Latorre Ekonomiako Estatu ordezkariarekin batera, txosten horien emaitzen berri emateko.
"Gardentasunaren aldeko ekintza"Jimenez Latorrek bi txostenen alde egin zuen, "balio osagarria" ematen dutelako; izan ere, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) azken analisiak "ez dira merkatuei lasaitasuna helarazteko gai izan, nahiz eta NDF erakunde publikoa eta zorrotza izan".
"Gardentasunaren bidean bultzada emateko ekintza osagarria izan da txostenena, ikuskatzaile independenteek euren metodologia propioa erabilita egindakoa, eta horrek balio osagarria ematen dio prozesu osoari", azpimarratu du Latorrek. "Gardentasun maila handiagoa dago orain, eta horrek konfiantza sortzea espero dugu", esan zuen.