Ekonomia -
Soziometroa
Lan merkatua, Osakidetza eta egoera ekonomikoa dira EAEko herritarren kezka iturri nagusiak
Osasungintzarekiko ardura 16 puntu igo da aurreko inkestarekin alderatuta: herritarren % 35ek aipatu dute EAEko arazo nagusi gisa.
EITB MEDIA
Osasungintza eta Osakidetza dira, lan merkatuaren ostean, Euskadiko arazo nagusienak, gaur kaleratutako Soziometroak azalarazi duenez. Eusko Jaurlaritzak hiru hilabetean behin egiten du inkesta, boto-asmoari buruz zein egoeraren pertzepzioari buruz galdetuta.
Prospekzio Soziologikoen Kabineteak urtarrilaren 31 eta otsailaren 6a bitartean egin zuen galdeketa, telefonoz, EAEko 3.000 biztanleri itaunduta. Duela astebete kaleratu zuen foru eta udal hauteskundeei begira boto-asmoaren ingurukoa, eta gaur jakinarazi ditu bigarren zatiaren emaitzak.
EAEko arazo handienak zeintzuk diren itaunduta, lan merkatuarekin lotura dutenak dira nagusi, galdetutako herritarren erdiek baino gehiagok (% 56) aipatu baitituzte. Dena dela, aurreko galdeketekin alderatuta, bada aldea. Izan ere, osasungintza bigarren kezka iturri bilakatu da: herritarren % 35ek aipatu dute (urriko galdeketan % 19 izan ziren). Hirugarren tokian, arazo ekonomikoak daude, galdetutakoen % 28ren iritzian.
Jarraian beste arazo batzuk daude, hala nola etxebizitza eta etxegabetzeak, delinkuentzia eta herritarren segurtasunik eza, eta egoera politikoa eta politikariak, baina herritarren % 15etik behera aipatu dituzte.
Bestalde, egungo egoera pertsonala nolakoa den galdetuta, batez beste, 10etik 6,9ko nota jarri diote euskal herritarrek, eta urtebete barru hobea izango dela uste dute, 7,0koa jaso baitu. EAEko egoerari buruzko iritzia apalagoa da, 6ko nota eman baitiote inkestatutakoek. Are okerragoa izan da Espainiako egoerari emandako puntuazioa: 4,8.
Konfiantza gutxien sorrarazten duten erakundeen artean, Espainiako monarkia (% 18), alderdi politikoak (% 20) eta bankuak (% 20) aipatu dituzte herritarrek. Ifrentzuan, konfiantza gehien sorrarazten dituzte EHUk (% 85) eta Eusko Jaurlaritzak (% 78).
Alderdi politikoei dagokienez, EAJ da herritarren artean begikotasun handiena sortzen duen alderdia, 5,1 punturekin 0tik 10erako eskalan. Ondoren geratu dira PSE-EE (4,3), EH Bildu (4,0), Elkarrekin Ahal Dugu (3,6), PP (1,8), eta Vox (0,6).
Buruzagi politikoei dagokienez, Iñigo Urkullu lehendakaria (10etik 5,7ko nota lortu du) eta Maddalen Iriarte EH Bilduko buruzagia (5,5) dira azterketa gainditu duten bakarrak. Ondoren datoz Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi (4,8), PSE-EEko Eneko Andueza (4,4), Voxeko Amaia Martinez (2,8) eta PPko Carlos Iturgaiz (2,1).