Ekonomia -
IKERKETA
200.000 ingeniari baino gehiago beharko dira datozen 10 urteetan Espainiako Estatuan
Gaur egun, 750.000 ingeniari inguru daude. Hamarretik lauk 35 urte baino gutxiago dituzte eta emakumeak gutxiengoa dira, hamarretik bi baino ez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ingeniaritza Behatokiak egindako ikerketa baten arabera, 200.000 ingeniari baino gehiago beharko dira datozen 10 urteetan Espainiako Estatuan, bereziki, industria sektorean. Ia langabeziarik gabeko ogibidea da, okupazioa % 98koa baita.
Sektorearen azterketak ondorioztatu duenez, Espainian 750.000 ingeniari inguru daude gaur egun, horietatik % 20 emakumeak. Gainera, hamarretik lauk 35 urte baino gutxiago dituzte.
Txostenean jasotzen denez, ingeniari gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala % 10 ingurukoa da, Espainiako batez bestekoaren (% 24) azpitik. Dena dela, Behatokiaren ustez, diferentzia hori "lehenbailehen" desagarrarazi behar da.
Espainiako Ingeniaritza Behatokiak ingeniaritzako profesionalen egungo egoerari buruz egin duen lehen txostenaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean.
Aurkezpenaren ondorengo mahai inguruan adituek azpimarratu dute oinarri sendoko prestakuntza duten profesionalak behar direla, "malgutasun handia" eta egokitzeko gaitasuna dutenak.
Bestalde, ingeniariak atzerrira joan ez daitezen proiektu interesgarriak eskaini behar zaizkiela diote adituek.