Ekonomia -
Arrisku-saria
Arrisku-saria oinarrizko 480 puntuko mailatik jaitsi da
Azken lau egunetan, guztira, 100 puntu baino gehiago egin du behera.
Erredakzioa
Espainiako hamar urterako bonuen truke inbertsoreei eskainitako arrisku-saria oinarrizko 480 puntuko mugatik behera jaitsi da. Jaitsiera hori Espainiak bankuentzako laguntza une batetik bestera eskatuko duela eta Europar Batasuneko buruek datorren astean 130.000 milioi euro (27en BPGaren % 1) ekonomia suspertzeko planetan sartzea aztertuko dutela zabaldu eta gero etorri da.
Espainiako zorraren eta Alemaniakoaren arteko diferentziala oinarrizko 479,4 puntutan kokatu da 17:00ak aldera, % 6,36ko errentagarritasunarekin, saioa oinarrizko 510,5 puntutan hasi ondoren. Horrela, arrisku-saria oinarrizko 100 puntu jaitsi da azken lau egunetan.
Italiako zorraren kasuan, arrisku-saria oinarrizko 417,8 puntutan kokatu da, % 5,74ko errentagarritasunarekin, saioa 424,1 puntutan hasi ondoren.
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak esan duenez, datorren astelehenean bidaliko dio Eurotaldeari Espainiako bankuentzako laguntza ofizialki eskatzeko gutuna. Finantza sistemak gehienez ere 62.000 milioi euro beharko ditu, Oliver Wymanek eta Roland Bergerrek egindako auditoria independenteen arabera.