Ekonomia -
Lan gatazkak
ELAk Osakidetzako garbiketan deitutako greba martxoaren 19ra arte luzatuko da
Mobilizazioek aurrera jarraituko dute: asteartean, martxoaren 7an, elkarretaratzea izango da Donostia Ospitalean 12:00etan, eta ostiralean, martxoaren 10ean, Gasteizen, Osakidetzaren egoitzaren aurrean.
Agentziak | EITB Media
ELA sindikatuak positibotzat jo du Osakidetzako garbitzaileak egiten ari diren greba, eta, horregatik, martxoaren 19ra arte luzatzea erabaki du.
Osakidetzaren eta enpresa pribatuen immobilismoaren aurrean, sindikatu abertzaleak borrokan jarraitu behar dela uste du. ELAk Osakidetzari egotzi dio egoeraren erantzukizuna; izan ere, "administrazio publikoa da alde bakarrez erabaki duena sektore horretako langile azpikontratatuei karrera profesionala ez ordaintzea".
Osakidetzak Batzorde Misto Paritarioari horren berri eman diola jakin ondoren, "borrokan" jarraitzeko unea da, ELAren ustez, administrazioaren erabaki politikoa salatzeko eta ukapenaren norabidea aldatzeko.
Sindikatuaren iritzian, mobilizazioa da "bide bakarra" karrera profesionala ordaintzeko eta negoziazio kolektiboa desblokeatzeko. Horren esanetan, baina, gatazka honi irtenbidea emateko ez da beharrezkoa ez Ertzaintzak esku hartzea, ezta gutxieneko zerbitzuak gehitzea ere.
Gatazka hau konpontzeko, "azpikontratatutako garbitzaileei karrera profesionala ordaindu behar zaie", erantsi du ELAk, "eta gure lan baldintzak hobetzeko benetako negoziazioa egin behar da".
Mobilizazioek aurrera jarraituko dute: asteartean, martxoaren 7an, elkarretaratzea izango da Donostia Ospitalean 12:00etan, eta ostiralean, martxoaren 10ean, Gasteizen, Osakidetzaren egoitzaren aurrean.