Ekonomia -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Europako Banku Zentralaren bilera, pentsioen erreformak eta animalien ongizaterako legea
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, martxoak 16, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Europako Banku Zentralaren bilera: Egintzat jotzen zena zalantzan dago orain. Credit Suissek burtsan izandako beherakadak —atzokoan balioaren laurdena galdu zuen— Europako merkatuetan eta batez ere finantza sektorean izua zabaldu duenean, erabaki zaila hartu behar du Europako Banku Zentralak: inflazioari galga jartzeko, iragarri zuen bezala, diruaren prezioa % 0,50 igo edo merkatuetako mamuak uxatu eta hazkundea apur bat apaldu (% 0,25 bakarrik igota).
- Pentsioen erreformak Frantzian eta Espainian: Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak pentsioen erreformaren azken blokea sinatu du bart, Bruselaren eta sindikatuen babesarekin. Bestalde, Emmanuel Macronen Gobernuaren pentsioen erreformak hil edo biziko eguna du gaur, aurrera ateratzen bada soka luzea ekarriko baitu gizartean eragindako harrabotsak.
- Animalien ongizatearen legea: Gaur, ostegunarekin, bukatuko da animalien eskubideak eta ongizatea babesteko legearen izapidetzea. Senatuan erantsitako zuzenketak eztabaidatu eta horien inguruan erabaki beharko du Kongresuak; hori eginda, behin betiko testua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko prest egongo da. Okerrik ezean, sei hilabete barru sartuko da indarrean.