Ekonomia -

Hazkunde aurreikuspenak

EAEko ekonomia espero baino gutxiago haziko da aurten, % 1,5, eta % 2,1, 2024an

Jaurlaritzak urrian egindako aurreikuspenak apaldu ditu, baina "baikortasun apur" bati eutsita. Enpleguari dagokionez, bi ekitaldietan 10.000 enplegu sortuko direla eta langabezia tasa % 8ren ingurura jaitsiko dela zehaztu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak.

Azpiazu, agerraldian. EITB Media
Azpiazu, agerraldian.
Azpiazu, agerraldian. EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia % 1,5 haziko da aurten, eta are gehiago datorren urtean, % 2,1eraino, Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi dituen aurreikuspen ekonomiko berrien arabera. Duela sei hilabete iragarritakoaren aldean, aurtengo ekitaldirako aurreikuspena sei hamarren jaitsi du

Eustat Euskal Estatistika Institutuak emandako azken datuak eskuan, urrian 2023rako egindako iragarpenak —% 2,1eko hazkundea— berrikusi ditu Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Iñaki Barredo Ekonomia eta Europako Funtsetako sailburuordea eta Alberto Ansuategi Ekonomia eta Plangintza zuzendaria ondoan zituela, prentsaurrekoa eskaini du Azpiazuk. 

Aurreikuspen horren arabera, 2023 eta 2024 ekitaldietan 10.000 enplegu sortuko dira, eta langabezia tasa % 8,2koa izango da 2023an eta % 8,0koa 2024an. 

Sailburuaren hitzetan, aurreikuspen berriak "ikuspegi kontserbadore eta zuhurra" erabiliz egin dira, jakinda Europako Banku Zentralak tasak maximo historikoetara igotzen jarrai dezakeela azpiko inflazioaren iraunkortasunaren aurrean, eta horrek hazkundea oztopatuko lukeela. Era berean, Jaurlaritza jakitun da aurten bertan hasiko direla ehun sozioekonomikora iristen Europako funtsak, eta horiek Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundeari lagun diezaiokete, % 1,6 eta % 2,3 artean gehituta aurreikusitako hazkundeari 2021-2026 aldian, horrek ekar ditzakeen arraste-ondorioak kontuan hartu gabe.

Hori horrela, Azpiazuk uste du "baikortasun apur bat" eman dietela aurreikuspenei ziurgabetasuna nagusi den egoera batean. Jaurlaritzaren arabera, Euskadiko urteko saldoa oso positiboa izan da, BPGaren batez besteko hazkundea % 4,4 izan baita —Europako herrialde nagusietako kopuruen gainetik—. Sailburuak azaldu duenez, "hazkunde ekonomikoari maila fisiko esanguratsuetan eusten lagundu dute lan-merkatuaren dinamismo handiak, gobernuek eragile ekonomikoen erosteko ahalmenaren jaitsierak arintzeko abian jarri ditugun neurriek eta, beharbada, pandemian zehar familiek pilatu zuten aurrezte-koltxoiak".

Silicon Valley Bank (SVB) eta Credit Suisse banketxeen gainbeherak merkatuetan eragin duen izuaz galdetuta, sailburuak esan du "lasaitasuna mantendu" behar dela eta oraindik ez dakitela "krisia, minikrisia edo finantza ekaitza" izan ote den. Horren ildoan, adierazi du gaur Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasen inguruan hartuko duen erabakiak bidea zein den erakutsiko duela. Azpiazuren aburuz, Lagardek diruaren prezioa "ez igotzea" erabaki beharko luke, "lasaitasuna" emateko, baina nabarmendu du hori EBZren esku dagoela. 

Halaber, EAEko finantza erakundeak "sendoak" direla eta "nahikoa isolatuta" daudela azpimarratu du. 

Finantza krisiaren aurrean ''lasaitasuna'' eskatu du Azpiazuk
Finantza krisiaren aurrean ''lasaitasuna'' eskatu du Azpiazuk
Finantza krisiaren aurrean ''lasaitasuna'' eskatu du Azpiazuk

0:36
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak BPGd Euskadi