Ekonomia -

Euskal soziometroa

Herritarren % 75en iritziz, Euskadiko egoera ekonomikoa 'txarra' da

Euskadik dituen arazo nagusiak lan merkatuarekin lotutakoak (% 80k hiru arazo nagusien artean aipatu ditu), arazo ekonomikoak (% 40) eta politikarekin zerikusia dutenak (% 19) dira.

Lan merkatua da euskal herritarren arazo nagusia. Argazkia: EITB.
Lan merkatua da euskal herritarren arazo nagusia. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 75ek uste dute Euskadiko egoera ekonomikoa "txarra" edo "oso txarra" dela. Espainian, herritarren % 94k uste dute hori, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak emandako datuen arabera.

Inkesta horren arabera, egoera ekonomikoak gero eta eragin handiagoa dauka herritarren bizitza pertsonalean. Hala ere, Espainiarekin alderatuta, herritarrek uste dute Euskadiko egoera "nabarmen hobea" dela.

Herritarren ustez, Euskadik dituen arazo nagusiak lan merkatuarekin lotutakoak (% 80k hiru arazo nagusien artean aipatu ditu), arazo ekonomikoak (% 40) eta politikarekin zerikusia dutenak (% 19) dira.

Terrorismoak inoizko mailarik baxuena izan du Jaurlaritzaren Soziometroan. Galdetutakoen % 5ek bakarrik aipatu dute.

Krisiak zenbateraino eragiten dien zehazteko 0tik 10erako eskala erabiltzeko eskatuta, euskal herritarrek 5,7ko batez bestekoa eman dute. % 38ri soldata edo pentsioa izoztu diete, % 37k lana galdu dute, % 34ri soldata murriztu diete eta % 22k lanaldia gutxitu behar izan dute.

Egoera sozialari dagokionez, iritzi ezberdinak daude, herritarren erdiek Euskadiko egoera "ona" edo "oso ona" dela adierazi baitute, eta beste erdiek, "txarra" edo "oso txarra" dela.

Bestalde, herritar gehienek (% 75) politikarekiko "interes gutxi" edo "batere interesik ez" daukatela adierazi dute. Euskal alderdi politiko guztiekiko iritziek okerrera egin dute.

Inkestatuen % 60k Euskadiko egoera politikoa “txarra” edo “oso txarra” dela uste dute.

Politikarekiko interesa 4 puntu jaitsi da, eta lau euskal herritarretatik batek esan du politikarekiko interes “handia” edo “nahikoa” duela.

EAJrekiko begikotasuna hiru hamarren jaitsi da (4,1ean kokatu da), Bildurekikoa 2 (3,5), PSErekikoa bat (3,4), Aralarrekikoa bi (3,1), Ezker Anitzarekikoa bat (3), PPrekikoa bi (1,9) eta UPyDrekikoa bi (1,8).

Galdetutakoek gehien aipatu dituzten buruzagi politikoak ondoko hauek izan dira: Patxi López (% 65), Iñigo Urkullu (% 30), Antonio Basagoiti (% 24) eta Juan Jose Ibarretxe (% 16).

Batek ere ez du 5 puntu edo gehiago atera. Bost hamarren igo da Gorka Maneiro (2,8); eta bi, Aintzane Ezenarro (4,6), Iñigo Urkullu (4,6), Patxi Lopez (4,3) eta Mikel Arana (4,2). Berdin jarraitzen du Pello Urizarrek (4,5), eta Antonio Basagoiti hamarren 1 jaitsi da (2,9).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea