Ekonomia -
ENPRESA ETA INDUSTRIA EREDUA
Industria politika errotik aldatzeko proposamena aurkeztuko du EH Bilduk
Esku-hartze publikoa, langileen parte-hartzea eta gizartearekin konpromisoa duten enpresak. Horiek dira koalizioren proposamenaren gakoetako batzuk. Politika Industrial Ekintzailea izena duen plana asteartean aurkeztuko dute Bilbon, Euskal Herri osoko eragile sozioekonomiko eta politikoen aurrean.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Egungo industria politika irauli nahi du EH Bilduk, inertziak atzean utzita. Mehatxuak ate-joka, egoera zaurgarrian ikusten du koalizioak euskal ekonomia. Hala, erakunde publikoetatik abiatuta, "politika industrial aktibo" baterako bide-orria jarriko du mahai gainean. Politika Industrial Ekintzailea goiburua du planak, eta sei ekintza lerro zehazten ditu; horietako bat, Euskal Enpresa Eredua. Besteak beste, enpresetan langileen parte-hartzea —kudeaketan zein kapitalean– sustatu nahi da, eta gizartearen erronka nagusiekin bat egingo duten enpresak bultzatu. Martxoaren 28an partekatuko du proposamena ezkerreko koalizioak eragile sozioekonomiko eta politikoekin, Bilboko Euskalduna Jauregian, 18:30ean hasiko den ekitaldian.
Mundu mailako eztabaida ekonomiko historiko baten aurrean gaudela uste du Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak, eta bi norabideren artean aukeratzeko une erabakigarria dela: "eredu neoliberala" edo "eraldaketa produktibo justu bat abian jartzeko industria politika". Bigarrenaren aldeko apustua egin nahi du koalizioak, eta hori abian jartzeko erakunde publikoek zer egin beharko luketen zedarritu. Enpresari guztien ahotsa bilduko lukeen enpresa elkarte bat sustatzea proposatzen da, betorik jarriko ez duena. "Confebasken diskurtso hegemonikoak ez du ordezkatzen euskal enpresarien gehiengo zabal bat", esan du.
Bestalde, legedian "iraultza handirik" egin gabe, arauak egokituta, langileen parte-hartzea berma daitekeela uste du EH Bilduk: "Badaude formulak". Eta, era berean, enpresek "gizarteko erronka nagusiekiko duten erantzunkidetasunean" jarri du azpimarra koalizioak. "Balio ekonomikoa baino gehiago, balio soziala eskaini behar diote gizarteari", gaineratu du Otxandianok.
Halaber, fiskalitateari dagokionez, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak erreferentziatzat duten "Ayusoren eredua" atzean utzi, eta "eredu demokratikoagoa eta bidezkoagoa" abian jartzea proposatzen da. Orain artekoak utzi duen argazkia argia dela esan du EH Bilduko Programa zuzendariak: deserrotzea, kanpoko inbertsioen sarrera eta enpresa estrategikoen galera. "Dena dela, guk proposatzen duguna ez da berria. Hemen beti existitu izan da ekonomia sozialari lotutako enpresa eredu bat, baina ez da aintzat hartu erakunde publikoen aldetik. Industria sozial hori garai berrietara egokitzea da planteatzen duguna", zehaztu du.
Proposamenaren zenbait ñabardura ere aurreratu ditu. Hala nola, 32 orduko lan-astearen aukera lantzea jarriko da mahai gainean. Zaintzaren eztabaidaren eskutik landu beharreko gaia dela azaldu du, kontziliazioa ez ezik, lanaren eta aberastasunaren banaketa ere erdigunean jarrita.
Erakunde publikoek eman behar diote norabide berria garapen sozioekonomikoari; alta, Euskal Enpresa Eredua abian jartzeko esku-hartze publikoa da abiagunea, "aktore publikoak eta pribatuak koordinatu, sektore estrategikoak aukeratu eta politika publikoak koherentziarekin kudeatuko dituena".
Horiek guztiak astearteko aurkezpenean xehatuko dituzte Otxandianok eta Iker Casanova legebiltzarkide eta Bizkaiko Foru Aldundirako EH Bilduren hautagaiak, Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusiak egingo duen aurkezpen hitzaldiaren ostean. Streaming bidez ere eskainiko dute saio osoa, EH Bilduk YouTuben duen kanalean.