Ekonomia -
EAEko aurrekontuak
Aguirre: '2013ko EAEko Aurrekontuek murrizketa argiak izango dituzte'
Ekonomia eta Ogasun sailburuaren aburuz, "gaur egungo egoera ikusita, krisitik ateratzeko prozesua motela izango da" eta, horrek, "diru-sarreretan eragina izango du".
Erredakzioa
Bilbon egiten ari diren Autonomia Erkidegoen Finantza Politikari buruzko XX. Jardunaldi Teknikoetan parte hartu du Aguirrek. Ekimen horretan, hainbat erkidegotako ordezkariak, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioetako goi-kargudunak, finantza analistak eta BBVAko hainbat zuzendari elkartu dituzte.
Aguirrek esan duenez, Jaurlaritza 2013ko defizit helburuaren eta Kupoaren zain dago hurrengo urteko Aurrekontuen irizpideak zehaztu ahal izateko. Hain justu, defizit helburua eztabaidagai izango du Europako Kontseiluak egunotan.
Sailburuak ez du murrizketarik aurreratu nahi izan, egungo testuinguruan "zalantza handiak" baitaude. "Hasieran, esku artean ditugun murrizketak aurrez ikusitakoak dira, eta dagoeneko islatu ditugu Aurrekontuetan", azaldu du.
Legez kanpoko diru-laguntzak
Bestalde, Aguirre Bizkaiko Aldundiari zuzendu zaio, eta ohartarazi dio Bruselari "galdetu" behar zaiola enpresei diru-laguntzak eman baino lehenago. "Ezin dira gauzak pentsatu gabe egin", nabarmendu du.
Horrela, Aguirrek hizpide hartu du Europako Batzordeak atzo publikatutako ebazpena. Bertan, Bruselak esan du Bizkaiko Aldundiak eta Habidite enpresak 2006an Alonsotegin lantegi bat eraikitzeko sinatu zituzten kontratuetan legez kanpoko diru-laguntza publikoak aurrez ikusi zituztela.