Ekonomia -

Burtsa

Deutsche Banken inguruko zalantzek Europako bankuak izutu egin dituzte

Deutsche Banken akzioek % 8,53 egin dute behera. Madril, Londres eta Milango burtsek ere behera egin dute, eta Suitzako UBS eta Credit Suisse bankuek galerak izan dituzte.

Deutsche Bankeko egoitza. Argazkia: wallpaperflare
Deutsche Bankeko egoitza. Argazkia: wallpaperflare
Deutsche Bankeko egoitza. Argazkia: wallpaperflare

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako bankuak izutu egin dira gaur, izan ere, Deutsche Bankek 1.500 milioi dolarreko mendeko zorra berrerosi nahi du maiatzaren 24an, 2028an mugaeguna baino askoz lehenago. Bruselatik hainbat adierazpen egin dituzte EBko buruzagi nagusiek, Europako bankuen oinarriak sendoak direla ziurtatzeko.

Hala eta guztiz ere, Frankfurteko DAX40 indizeak negatiboan itxi du saioa, % 1,66ko jaitsierarekin. Deutsche Banken akzioek % 8,53 egin dute behera. Commerzbankeko tituluek, bestalde, % 5,45 galdu dute jardunaldiaren amaieran.

Espainiako burtsak ere % 1,98 egin du behera. Bankinterrek % 5,38ko jaitsiera izan du; BBVAk % 4,43, Banco Sabadellek % 4,28 eta Unicajak % 4,06. Santanderrek % 3 egin du behera.

Era berean, Suitzako UBS eta Credit Suisse bankuek, oraindik bereizita kotizatzen dutenek, nahiz eta lehenengoak bigarrena erosi, beherakadekin itxi dute Zuricheko burtsan, nahiz eta bi baloreek gora egin duten eguneko azken orduetan.

UBSren eta Credit Suisseren akzioek % 7 baino gehiago egin dute behera saio erdian; itxieran, aldiz, % 3,55 eta % 5,19 galdu dute, hurrenez hurren.

Joera berarekin, Milango Burtsak beherantz egin du eta bere FTS MIB indize selektiboak % 2,23 egin du atzera. Banco Popolare Milanok % 4,14 galdu du, Unicreditek % 4,05, Banca Popolare Emilia Romagnak % 4,04, Banca Monte Paschi Sienak % 3,26 eta Nexi ordainketa-sareak % 3,06.

Azkenik, Londresko burtsak % 1,26 egin du behera. Hainbat banku izan dira galtzaileen artean, besteak beste, Standard Chartered ( % 6,42), Barclays ( % 4,21) eta Natwest ( % 3,58).

Gauzak horrela, Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek Europako bankuen sendotasuna defendatu dute, eta, aldi berean, adi egoteari ez uztea eta Banku Batasuna osatzeko "ahaleginei" berriro ekitea eskatu dute.

Testuinguru horretan, buruzagiek lasaitasun mezua bidali nahi izan dute Bruselan egin den goi-bileran. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak azpimarratu du Deutsche Bank "errentagarria" dela, eta "bere negozio-eredua modernizatu" duela. Hori dela eta, "ez dago arrazoirik" kezkatuta egoteko, burtsan dituen akzioek behera egin duten arren.

"Europako bankuen oinarriak sendoak dira", nabarmendu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa