Ekonomia -

Iruzurra

Lan Ikuskaritzak 1.766 kontratu irregular berrikusteko eskatu die EAEko 340 enpresari

Lan Sailak ohartarazi duenez, egiturazko beharrak estaltzeko Aldi Baterako Laneko Enpresen bidezko kontratazioa behin eta berriz erabiltzea lege-iruzurra da.

Langileak. Artxiboko argazkia: EFE.
Langileak
Langileak. Artxiboko argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan Ikuskaritzak 340 gutun bidaliko dizkie aste honetan beste horrenbeste enpresari, ustez irregularrak diren 1.766 kontratu berrikus ditzaten, antza Aldi Baterako Laneko Enpresak erabili baitzituzten egiturazko premiak betetzeko.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak azaldu duenez, iruzurrari aurre egiteko aplikazio informatiko baten bidez detektatzen dira egoera horiek. Aplikazio horrek datuak gurutzatzen ditu, kontratazioaren arloko arauak betetzen ote diren aztertzeko.

Gutunetan azaltzen denez, egiturazko premiak estaltzeko Aldi Baterako Laneko Enpresen bidezko kontratazioa behin eta berriz erabiltzea lege-iruzurra da, kontratazio hori aldi baterako kontratuekin, aldizkako kontratu finkoekin edo ohiko kontratu finkoekin formalizatuta badago ere.

340 gutunetako 110 Arabako enpresetara bidali dituzte, 88 Gipuzkoakoetara eta 142 Bizkaikoetara.

Era berean, Aldi Baterako Laneko Enpresei dagokienez, horietako 12ri (Bizkaiko 6ri, Arabako 3ri eta Gipuzkoako 3ri) jakinarazpena bidaliko diete, ohartarazteko hilabeteko epean enpresa erabiltzaileak kontratu irregularrak ohiko kontratu propio bihurtu ez baditu, kontratu horiek ikuskatzeko aukera izango dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak